Negu hasierako ospakizun egunetako etenaldiaren ondotik, martxan da berriz Usurbilgo Euskal Kantu Taldea. 2009. urtean, garai honetan ekin zion bere jardunari aipatu herritarren bilguneak. Hamazazpigarren ikasturtea dute, beraz, abiatu berri duten hau. Orain arte bezala, aurrerantzean ere, astelehenero bilduko dira Udarregi ikastolaren LHko eraikineko, Agerialdeko musika gelan.
Horrez gain, kantu zaleak plazaratzeko bi hitzordu iragarri dituzte. Aurreko urteetako ohiturari segida emanez, kantu-jirak antolatuko dituzte berriz hilero azken larunbatetan, asteburu honetatik hasita. Izan ere, urtarrileko azken larunbataren atarian gara dagoeneko.
Horrez gain, tarteka deialdi bereziak ere antolatzen dituzte, besteak beste, garaian garaiko ospakizunei lotutakoak. Izaera horretako datorren hitzordua otsailaren 4rako iragarri dute; Santa Ageda bezperako kantu-jira berezia.
Iaz bezala, bigarren urtez segidan, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berritik, Egurtzegitik ekingo diote bira berezi honi. Bertan izango dute emanaldi honen lehen geltokia, ospakizun giroa helarazteko bertako egoiliarrei. Hortik aurrera, herri erdiguneko kaleetan barrena ibiliko dira.
Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen hitzorduak
Astelehenero...
18:00-19:00 Ikastaroko saioak Agerialdeko musika gelan.
Urtarrilak 25, larunbata
12:00 2025eko lehen kantu-jira Mikel Laboa plazatik.
Oharra: ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea.
Otsailak 4, asteartea
18:00 Santa Ageda bezperako kantu-jira berezia Egurtzegitik, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berritik.
Segidan, herri erdiguneko kaleetan bira.
Oharra: baserritar jantziekin eta makila eskuartean agertzeko deia.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.