Euskara ahotan hartzea sustatzen duen Mintzalagun egitasmoan izena emateko aukera duzue asteotan. Euskaltzaleen Topaguneak eta Ttakunek sustatu eta Usurbilgo Udalak babesturiko egitasmorako matrikulatzeko garaia zabalik izango da urtarrilaren 27ra arte, esteka honetako formularioa beteta: https://forms.gle/PtDQmmvkZrJw97Sv5
Bestela, eskuorriak ere jarriko dituzte eta horien bidez ere apuntatzeko aukera izango da. Eskuorriok Potxoenean eta Etumeta AEK euskaltegian eskuratu ahalko dira. Sustatzaileen esanetan, parte hartzaileek “lortzen dituzten onurak, euskaraz hitz egiteaz haratago, onura praktikoak, sozialak, emozionalak… dira”. Izan ere, “hitz egiteaz gain, gustuko dituzten ekintzak egiten dituzte elkarrekin, hala nola lagun giroan paseatu, kirola egin, kafe bat hartu edo besterik gabe elkarren konpainia eta solasaldiaz disfrutatu!”.
Taldean
Gogoan izan, taldeka, “euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gaien inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan”. Normalean, astean behin biltzen dira taldeok. Taldeak, “kideen zaletasunak, adina, bizitokia eta ordutegiak kontuan hartuz sortzen dira”.
Bi motatako euskaldunak biltzen ditu, beraz, Mintzalagun egitasmoak. Batetik, “euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak: egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez daukatenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak… Programak euskaraz aritzeko trebakuntza eta aukera ematen die parte hartzaile hauei”. Haiekin batera biltzen dira, euskaraz ondo moldatzen direnak. Hauek “euskararen normalizazio prozesuari ekarpena egiten diote, zailtasunak dituzten euskaldunei elkarrizketaren bidez lagunduz. Eta, noski, badira lagun berriak egin nahi dituzten kideak ere, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak”.
Duela hiru hamarkada jarri zuten martxan estreinakoz egitasmo hau Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak. Urte luzeetako dinamika hau, aipatu moduan, berriz jarri nahi dute martxan Usurbilen.