Euskal hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzak behingoz hobetzea eta baldintza hauek bertan erabakitzea nahi dute. Aldarri hauen bueltan greba egunen zikloa deitu dute hainbat sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Steilas) asteazken honetatik, urtarrilaren 22tik otsailaren 27ra. Guztira, sektorekako hamabi greba egun deitu dituzte. Izan ere launa egunez lanuztera deitu dituzte unibertsitateko langileak salbu, gainerako hezkuntza publikoko irakasleak, Haurreskola Partzuergoko langileak edota sukaldariak eta garbitzaileak. Hauxe da greba egunon egutegia:
-Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleak: urtarrilak 22-23 eta otsailak 26-27.
-Haurreskola Partzuergoko langileak: urtarrilak 28-29 eta otsailak 12-13.
-Sukaldariak eta garbitzaileak: urtarrilak 30-31 eta otsailak 19-20.
Abenduan iragarritako greba egunon deialdia ostiralean erregistratu zuten aipatu ELA, LAB, CCOO, Steilas sindikatuek. Segidan duzue, greba egun hauen atarian sindikatuek kaleraturiko agiri bateratua.
Lerrootara badarkigu da, hain zuzen, unibertsitatez kanpoko sare publikoko zenbait ikastetxe ditugulako udalerri honetan.
Sindikatuen ohar bateratua:
Hezkuntza publikoan lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita
Gaur, hemen gauden sindikatuok (ELA, LAB, Steilas eta CCOO) bat egin dugu hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzak hobetzeko, babestu behar dugun Hezkuntza Publikoaren aldeko apustua egiteko eta, hainbatetan Eusko Jaurlaritzari eskatu diogun bezala, Eskola Publikoa erdigunean jarri dezan.
Duela hilabete gutxi batzuetatik hona EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugu mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako. Hori horrela, mobilizazioak eta grebak deitzea da utzi diguten aukera bakarra.
Gaur aurkezten dugun mobilizazio diseinuak barne hartzen ditu hezkuntza publikoko irakasle, Haurreskola Partzuergoko langile eta Hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboak. Kolektibo horietan guztietan iraungita dauden lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatzeko garaia da.
Irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago, sukalde eta garbiketako langileena zein Haurreskolak Partzuergokoena berriz 2009tik. Hamabost urte dira. Eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sail honek ere aurrerapausorik ez du ematen hitzarmenak berritzeko beharrezko edukiak proposatzerakoan.
Hezkuntza Publikora bideratutako diru inbertsioa handitzeko momentua da eta langileon eskubideen urraketa geldiarazteko unea.
Sektore bakoitzerako baditugu aldarrikapen zehatzak eta propioak baina badira guztientzat amankomunak diren zazpi aldarrikapen nagusi: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatu eta lanpostuak egonkortzea.
Horietaz gain, eskatzen dugu Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.
Horregatik guztiagatik, dokumentua sinatzen dugun sindikatuok honako egunetan langileak deitzen ditugu grebara:
-Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleak: urtarrilak 22-23 eta otsailak 26-27.
-Haurreskola Partzuergoko langileak: urtarrilak 28-29 eta otsailak 12-13.
-Sukaldariak eta garbitzaileak: urtarrilak 30-31 eta otsailak 19-20.
Esan moduan, azaldutako aldarrikapenak lortzeko negoziazio erreala gauzatzea dugu helburu. Eta argi dugu langileon mobilizazioarekin batera gure lan baldintzak hobetzea lortuko dugula, bete ditzagun kaleak gure aldarrikapenekin.