Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proban izena emateko azken orduak

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 22a, 08:51

Ostegun goizera arte, hilaren 23ra arte eman ahalko da igandean egingo den ekimenerako izena.

Gehienez 500 lagunentzako lekua izaten da eta aurreko edizioetan behintzat, dortsalik gabe geratu izan dira antolatzaileak. Argi dena da, beraz, ehunka txirrindulari elkartuko dituela igande honetan, urtarrilaren 26an, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen herri probaren hamahirugarren edizioak.

Gogoan izan, probarako izena ostegun hau, urtarrilaren 23a baino lehen eman beharko da, 30 euroren truke kronoak.com atarian. Izena ematen dutenek txaleko bat jasoko dute opari.

Ohi bezala, parte hartzaileak goizeko 9:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik bizikleta gainean Andatzako itzulia egitera hilaren 26an. Antolatzaileek oroitarazi moduan, ekimen hau "zeharkaldi ez lehiakorra da. Bere helburu bakarra partaideek Andatza mendiaz eta ezaugarritzen gaituen giro ederraz disfrutatzea da".

Bi ibilbide aukeran
Parte hartzaileek Andatzari itzulia eman ahalko diote bizikleta gainean. Izen emandakoek proba hau prestatzen ari direnek iragarritako bi ibilbideetako bat osatu ahalko dute hilaren 26an: bat motza izango da, bestea luzea. Motza, 23 kilometrokoa (+650 metro) eta luzea 32 kilometrokoa (+950 metro). "Motza, betiko moduan, denek disfrutatzeko modukoa. Luzea, teknikoagoa, igoera eta jaitsiera zailxeagoekin. Eta zuk, zein egingo duzu?", galdetu dute antolatzaileek sare sozialen bidez. Antolatzaileek argitu dutenez, bestalde, bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da.

Izena emateko deia egin diete parte hartu asmo dutenei, horretarako mugi daitezela adierazi dute sare sozialen bidez. "Zeren zain zaude izena emateko? Gogoratu, urtarrilaren 23an itxiko direla izen emateak" eta nabarmendu dutenez, urtero heltzen direla 500 lagun apuntatzera, gehienezko parte hartzaile kopurura.


Ekarpenak
Ekimenean parte hartzeak eginiko ekarpena nabarmendu dute antolatzaileek.
"Andatza mendiaz disfrutatzea, prestatutako ibilbideaz disfrutatzea, laguntzaileek emandako produktuak dastatzea, laguntzaileek emandako produktuen zozketan parte hartzea (deskontu bonoak, arropa, bazkariak...). Txalekoa ere parte hartzaile guztiek izango duzue eta garrantzitsuena: izaten dugun giro paregabeaz gozatzea!", nabarmendu dute antolatzaileek.