Apirilaren 17an

Arantzazura oinez joateko deia aurten ere

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 22a, 08:32

Hamarkada luzeetako ohitura berrituko dute apirilaren 17an. Parte hartzaileei prestatzen hasteko deia egin diete antolatzaileek.

Usurbildik Arantzazura tipi-tapa joateko deia egin dute aurten ere. Urte luzeetako ohitura berrituko dute beste behin; Usurbildik Arantzazurainoko bidea oinez osatzea, datorren udaberriko oporraldian, apirilaren 17an. Beti jaieguna izaten den ostegun hori baliatzen dute txango hau egiteko.

63 kilometro luze dituen bidea osatzeko (2.700 metroko desnibela) prestatzen hasteko deia egin dute antolakuntzatik. Aipatu moduan, apirilaren 17rako finkatu dute irteera. Gogoan izan, goizaldeko 4:45 aldera biltzen dira frontoi atzean, 5:00etarako prestatu eta ibilaldiari ekiteko. Tarte horretan, egunaren amaieran Arantzazutik itzultzeko autobusean aldatzeko arropa uzten da. Ibilbidean zehar, zenbait geldialdi egiten dituzte; hala nola, Mandubian hamaiketakoa, Zumarraga parean arropa aldatzeko aukera, Legazpian bazkaltzeko geratzen dira eta Arantzazura helduta askari baten bueltan borobiltzen dute eguna. Antolakuntzatik aurtengoan ere helarazi duten ohar garrantzitsua; parte hartzaileak federatuak izateak duen garrantzia, edozer gertatuta ere deitzaileak ez baitira horren erantzule egingo. Informazio gehiago jaso edota izena eman nahi duenak deitu dezala 662 039 829 telefono zenbakira. 

Lau hamarkadatik gora
Hamarkada luzeetako usadio zaharrari eutsi dio belaunaldi artekotasuna ere sustatu duen hitzordu honek. Duela lau hamarkada inguru "3 lagun hasi ziren ibilbide hau egiten” antolatzaileen esanetan. Gero, pixkanaka jende gehiago batu zen. Usurbildarrak, eta baita inguruko herrietako mendizale gehiago ere; Donostia, Amasa, Zizurkil edota Tolosa aldekoak. “Berrogeitik gora lagun joatera heldu ginen”, diote. Bidean beraz, jende berria ezagutzeko aukera izan dute.