"Ez nuen Andatza ondo ezagutzen; proba honek aukera hori eman zidan"

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 23a, 09:30

Hilaren azken igandean egingo den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba gainean dugu, eta askok Imanol Agirretxe futbolean irudikatuko baduzue ere, partehartzaileetako bat izango da. Igandeko probarako izen-ematea ostegun honetan itxiko dute kronoak.com atarian.

Futbolean egin zinen ezagun, baina noiztik ari zara bizikletan?
Futbola 2018 urte amaieran utzi nuen, eta 2019ko urtarrilean Irisasi BTTn hartu nuen parte. Nire lehen proba izan zen hura. Txirrindularitzara asko lotu naiz behin futbola utzita. Asko gustatu zitzaidan Irisasiko lehen esperientzia hura eta txirrindularitzak harrapatu egin ninduen. Ordura arte, ez nuen Andatza ondo ezagutzen eta probak aukera hori ere eman zidan, beraz, anima dadila jendea Andatza ezagutzera. Orain bai mendian, bai errepidean ibiltzen naiz bizikletaz. Futbolari izan bitartean ez daukazu denborarik beste kirol batzuetako probetan parte hartu edo entrenatzeko, oso buru-belarri zaude futbolarekin eta ez da bateragarria beste kirol jarduera batzuekin. Mendiko bizikletak, gainera, badu arrisku puntu bat eta ez litzateke batere onuragarria izango futbolari batentzat besoa apurtzea denboraldi erdian. Elite mailan dabilen edozein kirolarirekin gertatzen da hori. Kirol horretarako prestatu eta horretan zentratzen da, azken finean.

Orain kirol gehiagotan zabiltza.
Umetatik izan naiz oso kirolaria. Behin futbolean sartuta beste kirolak alde batera uzten dituzu horretan zentratzeko, baina behin futbola utzita aukera izan dut berriz ere beste kirol jarduera batzuei heltzeko. Bizikletan hasi naiz asko, padelean zein frontoiko diziplina anitzetan. Ikaragarri ari naiz gozatzen kirol guztietaz eta zoriontsu egiten naute. Kirola oso garrantzitsua da nire bizitzan eta beharrezkoa oreka izateko. Ezin naiz bi egun kirolik egin gabe egon, gaizki sentitzen naiz. Beraz, gimnasiora joaten naiz, frontoira edo aste honetan egin dudan bezala botak hartu eta Andatzara igo. Ondo sentiarazten nau kirolak.

Ibilbide luze eta laburrean hartu izan duzu parte?
Normalean, luzea egin ohi dut. Proba honek ematen digun onena da etxean ari garela jokatzen eta indar gutxi baduzu ere, beti aurkitzen duzu modua horretatik behar bezala ateratzeko. Joan zen urtean ere luzea egin nuen. Ilobarekin atera nintzen eta luzean aritu ginen eta aurtengo asmoa ere hori da, ilobarekin eta proba luzean. Dena ondo baldin badoa, espero dugu urte luzetarako plana izatea.

Markak apurtzen saiatuko zarete?
Oso lasai joaten gara. Proba oso polita da Andatza ezagutu eta mendiaz gozatzeko. Niri, normalean, bizikletan ibiltzen naizen proba guztietan gustatzen zait burua altxata ibiltzea. Leku eta paisaiez gozatzeko aukera ematen dute, eta horretaz gozatzea gustatzen zait. Markak egitera doazenak behera begira joaten dira eta marka hori apurtzea izaten dute helburu, baina nire helburuak beste batzuk dira. Andatza ezagutu, hornidura lekuan geratu, jendearekin hitz egin eta orokorrean, giroaz gozatzeko aukera bikaina da. Antolaketa zoragarria da eta horrek giro ederra sortzen du. Amaierako festa hori ere azpimarratzekoa, sariekin eta parte hartzaileon artean sortzen den giroarekin. Poza ematen du herrian bertan halako proba bat eskura edukitzeak. Kirolaz gozatzeko beste aukera bat da.

Nola entrenatzen duzu probarako?
Urte batzuk badaramazkigunez Andatzan, badakit zein txoko dauden, nahiz eta ibilbidea beti sorpresa izan. Beti izaten da sorpresaren bat, baina Andatza nahiko ondo ezagutzen dut. Ez du sekretu handirik: entrenatu eta ibili. Gutxi entrenatuta bazabiltza, sufritzea tokatuko zaizu. Ni normalean errepidean ibiltzen naiz eta noizbehinka mendira joaten naiz. Errepidean ibiltzeak hankak indartzen ditu, baina mendian teknika askoz ere gehiago behar da eta ordu batzuk pasatu behar dira gero gozatu ahal izateko. Bide errazetan gozatuko dugu, baina bide estu eta teknikoagoetan pixka bat sufritzea tokatuko zaigu oso teknikoak ez garenoi. Mendiko bizikleta hartu ere ez dut egin azken aldian. Beraz, asmoa bueltaren bat ematea da proba aurretik, baina ezin bada zuzenean joango naiz.

Errepidetik mendira bizikleta ere asko aldatzen da.
Bi kirol oso ezberdin dira. Lotuta daude bizikleta bat dagoelako tarteko, baina ez du zerikusirik kirol batek bestearekin. Mendian behera ez naiz oso azkar jaisten den horietakoa. Bideak jartzen dizkizun erronka txiki horiek pasatzeak ematen du adrenalina puntu hori.

Hotza eta euria ohikoak izaten dira.
Badakizu zer toka daitekeen. Alde horretatik, badaukagu masokismorako joera hori. Urte batean gogoan dut Txokoalde parean kazkabarrak harrapatu gintuela eta kaskoetan izugarrizko soinuarekin ibili ginela, eta elurra ere egin izan digu. Hala ere, mauka motzetan ateratzea ere tokatu izan zaigu eguraldi epel-epelarekin. Urtarrilean probak egiteak hori du: inoiz ez dakizu zer tokatuko zaizun. Nik eguraldi on eta lehorra nahiago, aukeran.

Herrian antolatzen diren kirol txapelketa gehiagotan ere parte hartu izan duzu.
Uxue Trail lasterketan parte  hartu izan dut, baina haurrekin oinezko txangoan. Palan ere parte hartu izan dut urtero, nahiz eta azken urtean ez den txapelketarik izan. Herriko txapelketetan parte hartzea gustatzen zait eta oso garrantzitsua iruditzen zait herrian kirol proba ugari izatea. Herri kirolaria da Usurbil. Jende asko ikusten da korrika, bizikletan zein martxan, eta horrelako probak osasungarriak izateaz gain, herriarentzat ere onuragarri dira sortzen den giroagatik. Herritik kanpo, txirrindularitza probetan ibiltzen naiz 'Quebrantahuesos' egin dut eta aurten ere izena eman dut horretarako hirugarrenez. Asteburuetan lanpetuta ibiltzen naiz, baina proba gutxi batzuetan parte hartzen dut urtean zehar. Iratixtrem egin izan dut bai errepidekoa, bai mendikoa. Oso proba politak dira, baina ondo prestatu beharrak daude gehiegi ez sufritzeko.