"Dudarik gabe, Usurbilgo organoa harribitxi bat da"

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 23a, 08:50

Aurten 40 urte beteko ditu Zumarte Musika Eskolak eta ekitaldi ugari aurreikusi dituzte. Horien artean, ostiralean 19:00tan hasiko den 'Katedraleko meza' Salbatore Parrokian. Ana Belen Garcia organo-jole andoaindarrak gidatuko du emanaldia.

'Katedraleko meza' ikuskizuna nola definituko zenuke?
Gorka Mirandak zuzendutako Easo Gazte abesbatzarekin batera, Licinio Reficeren 'In nativitate B. Mariae Virginis' meza eskainiko dugu, organo bakarreko bi piezarekin. Meza hori Easo Abesbatzako Kapera Gregorianistaren interbentzioarekin tartekatuko da, Demetrio Esnaolak zuzenduta. Santos Sarasolak, Easo Abesbatzako Kapera Gregorianistako kideak, kontzertua eratu zuen. 1905ean Pio X. Aita Sainduak “Motu Proprio” izeneko dekretu bat argitaratu zuen eta bertan elizetan erabiliko zen musikak nolakoa izan behar zuen adierazten da. Elizak otoitz lekuak zirenez, jotzeko eta kantua laguntzeko instrumentua organoa eta kantuak berriz gregorianoz edo gregorianoaren oinarriaz konposatzen ziren mezak. Horietako konpositore bat da Licinio Refice, Easo Gazte korua kantatzen duten Ama Birjinaren ohorezko mezaren egilea. 70 urteen gainetik direnek gogoratuko dituzte XX. mendearen erdialdetik aurrera ospatzen ziren meza solemneak. Katedrala da, berez, gotzainaren egoitza propioa. Eliz-egutegiko ospakizun nagusietan, gotzainek gidatzen zituzten mezak eta horietan, gregorianoko eguneko kantuak eta aipatu konpositore horien mezak kantatzen ziren, solemnitate handiarekin. Beraz, nagusiki katedraletako mezak ziren.

Easo Gazte eta Easo kapera gregorianistaren ahotsak izango dituzu lagun.
Nire ibilbide luzean Easo abesbatzako pianista eta organista gisa (ia 20 urte), kontzertu ugari eman ditugu, eta “katedraleko meza” proiektuak, zehazki, arrakasta handia izan du 2024an, honako hauetan egin baititugu: Orion, Lasarten, San Sebastian Martirin elizan (Donostian), Errenterian eta Pasai San Pedron. Aipatzekoa da Easo Abesbatzak 10 koru ezberdin dituela eta bakarka eta elkarrekin kantatzen dutela kontzertuetan. Konbinazioak asko izan daitezke eta honetan, eliz musika denez, Easo Gazte eta Kapera Gregorianista biltzea zen formatu onena.

Usurbilen izan zara lehenago?
Hainbat kontzertu eskaini ditut. Duela urte askotatik ezagutzen dut Usurbilgo Cavaillé-Coll Mutin organo zoragarria. Gogoan dut niretzat oso hunkigarria izan zen kontzertu bat, Musika Hamabostaldiko organo zikloaren edizio batean eskaini nuena. Instrumentu horretarako pentsatutako programa bat izan zen, eta operen transkripzioez osatuta zegoen, besteak beste. San Salbatore parrokiako organo paregabearen historia ikertzera animatzen zaituztet. 1907an, organoa Bidarteko Ilbarritz gazteluan zegoen, Biarritz inguruan. Gaztelu hori Espéeko Baroi musikazale eta bitxiarena zen, eta kontzertuak eta inprobisazioak jotzen zituen, gonbidatu gisa Biarritzeko eta Pariseko goi-mailako pertsonak zituela. Organo horren zatirik handiena (bi teklatu) Usurbilgo Salbatore parrokiari saldu zitzaion 1920an, eta hainbat aldaketa egin ondoren, gaur egun, 3 teklatu eta pedaldun tresna zoragarri batez goza dezakegu: dudarik gabe, Usurbilgo organoa harribitxi bat da.

Nola ikusten duzu organoaren etorkizuna?
Donostialdean, talentu handiko organistek amaitu dituzte goi-mailako ikasketak. Usurbilen eta inguruan, organo-ondare aparta dugu, eta organoaren etorkizunari dagokionez, arlo horretan lana dago. Ez bakarrik interprete gisa kontzertuak eskainiz, baita organista liturgiko gisa ere, eta hori beste aukera interesgarri bat da. Hala ere, organoa eskaintzen duten musika-eskolak oso gutxi dira, eta landu beharreko zerbait da, hor egon baitaiteke benetako musika-harrobia. Ikasle horiek gradu profesionalean (oso ikasle gutxi daude Donostian) beren bidea egin dezaten bultzatzea, goi-mailako ikasketak egin ahal izateko. Nire esperientzia onagatik, biziki animatzen ditut gazteak organoa ikastera. Gure ondare organistikoari esker erreferente bat gara munduan, eta horrek esan nahi du zorte handia dugula. Beraz, aukera hori aprobetxa dezagun.

Noiz hasi zinen organoa jotzen?
Piano eta klabezineko goi-mailako ikasketak amaitzen ari nintzela hasi nintzen instrumentura hurbiltzen, Francisco Escudero kontserbatorioan; duela 24 urte. Han, Esteban Elizondorekin ikasi nuen erdi maila, eta Musikenen amaitu nituen goi mailako ikasketak Esteban Landartekin. Jesus Martin Moro maisuarekin hobetu nituen ikasketak bi urtez, Pauen. Aldi berean, master-class ugaritan parte hartu dut nazioarteko maisu handiekin: bidaia zoragarria benetan.

Badirudi organoa jotzeak arazo bat duela. Ezin etxean entseatu, elizara joan beharra dago, ezta?
Bai, non eta ez zaren L’Espéko baroia! Edonork ez du gaztelu bat hodi-organo bat eraiki eta han sartzeko. Esan behar dut hemen oso zorionekoak garela. Parroko eta organisten jarrera onari esker, organistok edozein organotara jo dezakegu mota guztietako errepertorioak praktikatu eta prestatzeko. Hala ere, beste aukera bat da etxean organo elektroniko bat izatea. Eliza batera joateko aukera badugu, horrekin geratzen naiz.

Zeintzuk dira etorkizun hurbileko proiektuak?
Datozen hilabeteetan Euskal Herrian, Katalunian, Valentzian, Madrilen, Palentzian, Frantzian eta Belgikan izango ditut kontzertuak. Duela 3 urtetik hona, Musika Hamabostaldiko organoko nazioarteko zikloaren zuzendaria naiz. 2005. urte honetan laugarrena izango da. 15 kontzertu bi aste baino gutxiagoan antolatzea erronka handia da. Erronka zoragarria, asko gozatzen dudana. Kontzertuetako bat, beste behin, Usurbilen izango da, nola ez!