NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

Kulturaldirako sarrerak eskuragarri, NOAUA! kideok merkeago

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 23a, 11:44

NOAUA! Kultur Elkarteak otsailaren 1etik 9ra antolaturiko kultur zikloaren baitan bost hitzordu antolatu ditu. Haietako guztietarako sarrerak eskuragarri dituzue usurbilkultura.eus plataforman edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Kultur elkarteko bazkideok merkeago lortu ditzakezue aipatu Bordaberri 3ko lokalean.

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia



Otsailak 1, larunbata

19:00 Orbeldiren "Iparrera Begira" ikuskizuna Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "ohituraz euskaldunok badugu gure inguruan zer gertatzen den jakiteko berri, baina bada Euskal Herrian inguru bat ahantzia geratzen dena gehienetan, Ipar Euskal Herria. Jakina denez Lapurdi, Baxenafarroan eta Zuberoan badute dantzarako ohitura, baita hauekin jolasteko gaitasuna ere". Horregatik, ikuskizun honetan, "Orbedi Dantza taldeak hiru probintzia hauetan dantzatzen dituzten dantza ezberdinak plazaratuko dizkigu, bolantetatik kontradantzetara, jauzietatik makil jokoetara. Hain gertu bezain urrun sentitzen dugu Iparraldea batzuetan, eta emanaldi honetan bertan ikusi dezakegunaren zertzelada bat aurkituko dugu", iragarri dute.
Sarrerak: gonbidapenak doan usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA! K.E.-ren egoitzan.

 

Otsailak 2, igandea
18:00
"Itzal(iko) bagina" ikuskizuna Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Bertsoa oinarritzat duen antzerki ikuskizuna. Bere trama izaerak hiru pertsona(i) bertso munduko zein haien barne munduko bakardadetik kolektibora eramango ditu. Barruan dituzten itzalen eta kanpoko errealitatearen linboan elkar ikusten ikasiko dute. Egungo sistema indibidualistari kritika egiteko asmoa du obrak. Bertso munduan kokaturiko istorio bat izan arren, ez du bertsoaz hitz egiten, haratago doazen auzi sozialetara salto egin nahi du: generoa, osasun mentala, familia nuklearra, meritokrazia...".
Sorkuntza eta antzezpena: Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarain
Zuzendaritza: Iraitz Lizarraga
Sarrerak: 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA! K.E:-ren egoitzan. NOAUA! K.E.-ren bazkideek 8€ NOAUA!ko egoitzan.

 
Otsailak 7, ostirala
19:00
Alex Telloren "Animo" lehen film luzearen estreinaldia Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "ANIMO 2017an Alex Tellok “Azken muxua” laburrarekin hasi zuen film luzea da. Telmo Iruretaren interpretazioak inklusioari beste buelta bat ematen dio bertan. Familia, homosexualitatea eta eguneroko hainbat egoera ikuslearentzako identifikagarriak gertatuko dira".
Sinopsia: "Aitor etsirik eta Leire kezkaturik. Mirenek ez du loturarik. Itxasok badu kanta berririk, aldiz, Amets dabil isilik. Hemen inork ez du barre egiteko motiborik. Bizitzaren aurrean, ihesbideak baino, aukeran hobe heldulekuak izatea".
Sarrera: gonbidapena doan eskuratu ahalko da usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
 

Otsailak 8, larunbata
19:00
"Itoiz udako sesioak" dokumentalaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Sinopsia: "Juan Carlos Perez gogoeta sakon batean murgilduko da argitaratu gabeko zinta bilduma baten aurkikuntzaren ondorioz. Alde batera utzi nahi izan ditu taldeak momenturik gorenean pop estilora eman zuen aldaketa, eta ostean desegin izana. ITOIZ musika taldearen lider izandakoak bidaia katartiko bat hasiko du, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona; taldeak 70. hamarkada hasieran Rock progresiboan murgilduta igarotako urteak bergogoratuko ditu bertan. Filma CANNES DOCS Marché Du Film 2023an parte hartu zuen".
Sarrerak: sarrerak aurrez eskuratu ahalko dituzue sei eurotan usurbilkultura.eus plataforman edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan. NOAUA! K.E.-ren bazkideek 4 eurotan erosi ahalko dituzte kultur elkarteko egoitzan soilik.

 
Otsailak 9, igandea
18:00
"Miñan” antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da antzezlan hau, hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa, eta Artedramak antzerkira egokitua".

Egileak: Ibrahima Balde eta Amets Arzallus.
Zuzendaria: Ander Lipus.
Aktoreak: Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
Sarrerak: sarrerak salgai dituzue 10 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan. NOAUA! K.E.-ko bazkideok 8 eurotan eskuratu ahalko dituzue kultur elkartearen egoitzan.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.