Igogailuak Kale Nagusia eta auzoa lotuko ditu, kale horretako 10 zenbakiaren parean. “12 metroko desnibela gaindituko du. Beheko partean inguruarekin bat egingo duen eskailera eta begiratokiak izango ditu, gainera: lur jabeekin akordioa lortu du udalak, horretarako. Proiektuan sartu da, baita ere, igogailuaren oina eta San Esteban 12 ataria modu irisgarrian lotuko duen aldapa bat eraikitzea”, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez. Udazkenen bideraturiko esleipen prozesuaren baitan, “lizitatzaile bakarra aurkeztu zen, Construcciones Urdinberri SL, eta hari esleitu zaizkio lanak, 773.722,61 euroan. Otsail hasieran sinatuko da kontratua, eta aurreikuspenen arabera, zazpi hilabete beharko dituzte obrak egiteko”. Exekuzio proiektua Rehabite enpresak idatzia du.
Obra hauek egiteko Eusko Jaurlaritzaren 370.000 euroko dirulaguntza jaso du Udalak. “Inbertsio hori aurrerago egiteko asmoa zuen udalak, baina dirulaguntza aitortu zitzaionez, aurreratzea erabaki zen. Dirulaguntzak, gainera, epeei lotutako zenbait baldintza ezartzen ditu: 2024ko azarorako martxan behar zuen obren esleipenak, eta 2025a amaitu baino lehen gauzatu behar dira obrak”.
Bigarren fasea
Herri erdigunea, Atallu, tren geltoki berria eta Santuenea lotzen dituen Etxealdiako San Esteban kaleari dagokionean, Udaletik aditzera eman dutenez, bestalde, pasabide hau egokitzen amaitzeko lanak ere esleitu dituzte, “210.164,58 euroan: Sasoi Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu, alegia, kalearen goiko zatia egokitu zuen berberak”.
Lan hauek “ETS egiten ari den tren geltoki berriko lanek baldintzatuta daude. Zubi berria jarriko dute, lehengoa baino altuera handiagoan: hori dela eta, ETS-k bere zatia bukatu arte itxarotea erabaki zen, baliabideak modu arduratsuan erabiltzeari lehentasuna emanda. ETS-k lanak amaitu zain dago udala, baina udaberri inguruan lanean hasteko aukera izango duela aurreikusten da”.
Lehendik egokitua dagoen kalearen goiko aldearen egokitzapen lanei segida emango diote. “Goiko zatian bezala, behekoan ere lur azpiko azpiegiturak berritzeko aprobetxatuko dituzte obrak. Lanak amaitutakoan, oinezkoek lehentasuna izango dute, irisgarritasuna bermatuta izango da, eta itxura bateratua izango du San Esteban kaleak, goitik behera. Aurreikuspenen arabera, bi hilabete beharko dira lanak gauzatzeko”, aurreikusi du Udalak.
Lanok tarteko espazio berri bat ere sortuko dela ohartarazi dute. “ETS-ren lanen ondorioz, udalak ekipamendu berri bat izango du kalearen beheko aldean, zubiaren oinarriaren altuera igota, espazio berri bat sortu baita azpian, biltegi gisa erabiltzeko. ETS zubitik auzoaren beheko eremura joateko eskailerak ere berritzen ari da”.