Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ekimenaren hamahirugarren edizioa egingo den asteburuan gara jada. Igande goizean, ostegun honetara arte izena emandako ehunka txirrindulari batuko dira Usurbilen. Antolatzaileek sare sozialen bidez ohartarazi dutenez, "gure aldetik, dagoeneko dena prest dugu: ibilbideak, txalekoak, opariak, anoa guneak, gogoa eta ilusioa. Igandean elkar ikusiko dugu!".
Haientzat guztientzat urteroko oharra zabaldu dute antolatzaileek. Izan ere, probaren bezperan, larunbat honetan, hilaren 25ean, banatuko dituzte dortsalak 16:00-19:00 artean Sutegin. Ordu tarte horretan kultur-etxera joan ezin dutenek, proba egunean bertan, goizeko 7:30etatik aurrera eskuratu ahalko ditu antolakuntzak frontoian jarriko duen postuan. Izan ere, pilotalekuan bertan kokatuko da helmuga, bertan banatuko dira parte hartzaileentzako opariak eta kokagune bera izango du azken anoa guneak.
Bi ibilbide
Lehenago, igande goizeko 9:00etan abiatuko dira Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probako parte hartzaileak Mikel Laboa plazatik. Bi ibilbide izango dituzte aukeran: bat motza izango da, bestea luzea. Motza, 23 kilometrokoa (+650 metro) eta luzea 32 kilometrokoa (+950 metro). Antolatzaileek esana duten moduan, bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da.
Ibilibidea zehar, anoa zerbitzua izango dute parte hartzaileek. Ekimenean parte hartzeak eginiko ekarpena nabarmendu dute antolatzaileek. "Andatza mendiaz disfrutatzea, prestatutako ibilbideaz disfrutatzea, laguntzaileek emandako produktuak dastatzea, laguntzaileek emandako produktuen zozketan parte hartzea (deskontu bonoak, arropa, bazkariak...). Txalekoa ere parte hartzaile guztiek izango duzue eta garrantzitsuena: izaten dugun giro paregabeaz gozatzea!", nabarmendu dute antolatzaileek.
Helmugan, frontoiko kokaguneaz gain, parte hartzaileek Oiardo kiroldegia baliatu ahalko dute, bizikletak garbitzeko anbulatorio ondoko aparkalekua ere bai, bertan jarriko baitituzte horretarako mangerak.
Hotz gehiegi ez, haizea bai
Hotz handirik ez da espero etzirako, baina goiz haizetsua izan dezakegu. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, urtarrilaren 26an "goizean hodeiak ugaritu egingo dira" eta hotz handirik ez da espero, 9-11 gradu arteko tenperatura izango dela aurreikusten du probak iraun artean, hegoaldeko edo hego-mendebaldeko haizea. Goiz argi samarra izango dela dirudi baina eguraldi zeharo aldakorra izango da, euritara jo dezake eta goizeko azken ordurako.
Trafikoa
Ekimen hau tarteko, ohi bezala, Oxtapetik Kale Nagusirako sarbidea itxita egongo da igande goizean 8:00-14:00 artean, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. Horren ondorioz, bertatik heldu ohi diren autobus zerbitzuak San Inazio aldetik sartuko dira. Udaletxe ondoko geltokian, beraz, ez da autobus zerbitzurik izango igande goizean; halakoetan ohikoa den moduan, San Inazioko biribilgunean geratuko dira.