Bizi asko dabil haizea azken orduotan, are haize-bolada biziagoak izan genitzake igandean, urtarrrilaren 26an, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Izan ere, abisu horian izango gara haizeagatik igande goizaldeko 6:00etan hasita egun osoz, astelehen goizaldeko 6:00ak arte. Haizeguneetan, "hego/hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendi inguruetan". Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, "hego/hego-mendebaldeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldean, non haize-boladak 90-100 km/h ingurukoak izan daitezkeen goizean eta gauean".
Asteburuko iragarpena
Aldez aurretik, larunbatean, hilaren 25ean, "zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak egingo ditu, batez ere arratsaldean. Azken orduetan atertu egingo du eta ostarteak zabalduko dira. Egunaren hasieran eta amaieran hego-haizea ibiliko da, egunaren erdiko orduetan mendebal/ipar-mendebaldekoa. Tenperatura nahikoa jaitsiko da; maximoak goizean goiz neurtuko dira, minimoak amaieran".
Igandean, hilaren 26an, "goizetik aurrera zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egin lezake noizbehinka. Hego-haizea gogor ibiliko da. Tenperaturan aldaketa handirik ez.".
Astelehenean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu. Ekaitzak jo dezake. Egunaren hasieran hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada oso gogorrekin; goizean mendebaldera aldatuko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".
Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso daiteke.