"Azkenak"

Agurreko topa, Odolaren Mintzoaren alde

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 25a, 19:43

Lagun, senide eta zaletuekin eman diote hasiera Odolaren Mintzoa taldeko kideek azkenetan azkena izango den agurreko festari.

Azkenetan azkena izango den kontzertu egun berezi honi hasiera eman dio Usurbilgo Odolaren Mintzoa taldeak. Hemezortzi urteko ibilbidea amaituko du larunbat honetan, urtarrilaren 25ean, oholtza gainean eskainiko duen azken kontzertuarekin. Ez dira bakarrik egongo, albiste honi atxikitako argazkian ikus dezakezuen moduan. Izan ere, agurreko jaialdi handian bilakatu dute azken emanaldi egun hau. Usurbilgo herri sorkuntza oholtzaratuko dute 17:30etan hasi eta goizaldera arte luzatuko den hamabi ordu inguruko festa giroarekin.

Egun berezi honi, Udarregi ikastolako jangelan eman diote hasiera, senide, lagun eta zaletuak bildu dituen bazkariaren bueltan. Aurretik, taldearen hemezortzi urteotako ibilbidea iruditan jaso duen proiekzio bat eskaini dute eta haren amaieran, topa eginez hasi dira ospatzen agurreko jaialdi hau.

Lau diska
Orion eta Galizan eskaini zituen Odolaren Mintzoa taldeak aurreko hilabeteetan, bere agur birako hiru kontzertuetan lehenengo biak. Azkena, aipatu moduan, sorterrian, Usurbilen eskainiko dute urtarrilaren 25eko jaialdiaren baitan. Sare sozialen bidez iragarri zuten haien agurra. "Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago maitasuna" zioen abesti zahar batek. 18 urteren ostean heldu zaigu agur esateko ordua. Baina aurretik, elkarrekin ospatuko dugu bidai zoragarri honen amaiera”.

2007an osaturiko taldeak kontzertu eta bizipen andana bildu ditu urteotako ibilbideetan, hainbat sortze lan argitaratzearekin batera:
-2022: "Hauskor".
-2017: "Etsipenaren aurka".
-2014: "Elkar Estudioa Sesioak".
-2013: "Odolaren Mintzoa".

Sorreratik agurrera, jatorrizko laukotea mantendu du Odolaren Mintzoak; Beñat eta Joanes Txueka, Jokin Irastorza eta Luken Arkarazo. Taldea sortu zen herri berean desegingo da gaur, Usurbilen bertan eskainiko duten jaialdiarekin.

Odolaren Mintzoa: "Azkenak" agur jaialdia
Eguna: urtarrilak 25, larunbata.

Egitaraua:
17:30 Kontzertuak frontoian: Viafara, Hysteria, Zaparra, Mihise, Txiskeroak, Ameba, Rukula, Odolaren Mintzoa, Dj Jotatxo.
Bitartean, Ernairen aldeko txozna solidarioa.

Sarrerak eskuragarri: Aitzagan eta Txirristra tabernan nahiz usurbilkultura.eus plataforman.
Prezioak:
-Kontzertuetarako sarrera: 15 euro.