"Azkenak"

"Irribarre bat dugu ahoan, harro gaudelako egindako bideaz"

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 25a, 19:29

Hunkidura eragin du eguerdian, Udarregi ikastolako jangelako bazkariaren aurretik Odolaren Mintzoa agurtzeko egin duten ekitaldia.

Taldearen hemezortzi urteko ibilbideko irudi eta hitzekin oroitu, omendu eta eskertu dute Odolaren Mintzoa osatu duen komunitateak bere bueltan bizitakoa, gaurko "Azkenak" jaialdi honi ekiteko larunbat eguerdian Udarregi ikastolako jangelan eginiko bazkalaurreko ekitaldian.

Lagunak, senideak eta zaletuak batu dituzte hitzordurako Jokin Irastorzak, Beñat Txuekak, Luken Arkarazok eta Joanes Txuekak. Hunkituta amaitu dute ibilbideko hainbat une gogora ekarritakoan. Bideo proiekzio horretako narratzaile lanak egin ditu Arkarazok. "Mundua, gu deskubritzen, arakatzen hasi ginenean, hor zegoen Odolaren Mintzoa. Nor ginen galdezka hasi ginenean hor zegoen...", oroitu dute. 2006an sortu zuen taldea lehen aipaturiko laukoteak. "Sekulako grina, ilusioa eta indarra genuen garaian sortu zen", ekarri dute gogora.

Bidelagun izan dute urte guztiotan. "Odolaren Mintzoak gure bizarra hasten, gure lehen musua ematen, gure lehen parrandak egiten, gure lehen hanka-sartzeak ikusi ditu eta ikusi gaitu barkamena eskatzen".

"Garrantzitsua izan dena joaten uzten ikastea"
Helmugara iritsi dira orain. "Erraza ez da agur esatea, beti hor, beti zuretzat izan den zerbaiti. Zaila da oso, baina polita da ere, ederra, osasuntsua, guretzat garrantzitsua izan dena joaten uzten ikastea, gauzak noiz agortu diren onartzea, iritsi dela agur esateko unea. Odolaren Mintzoak beti ikusi gaitu, eta agian, orain iritsi da guk Odolaren Mintzoa ikusteko momentua".

Taldea nola ikusi duten deskribatu dute. "...hauskor baina iraunkor, zaurgarri baina beti burua tente. Usurbilgo pop taldea, jarraitzaile asko ez baina oso fidelak izan dituena". Agurrera nola iritsi diren nabarmendu dute. "Odolaren Mintzoari begira, orain agur esatean, begiak beteta irribarre bat dugu ahoan, harro gaudelako egindako bideaz. Usurbilgo gaztetxo batzuen ametsak bete ditu eta hori gauza handia da. Bere ondarean Usurbilen gordeko da, bidaiari berrientzat arrasto, ameslarientzat ipar. Topa egin dezagun Odolaren Mintzoagatik, txikitasunaren handitasunagatik. Goazen ospatzera, beraz, bere agurra, ospatzera, bere kantua. Horrek bai, betirako iraungo du eta". 

Eskertza komunitateari
Ekitaldi amaieran, eskerrak helarazi nahi izan dizkiete taldeko kideek proiekzioa ahalbidetu dutenei; Eleneri pianoz Odolaren Mintzoaren abestiekin sortutako melodiengatik, Kaki Arkarazori grabazio lanagatik eta Eñaut Pagolari irudien muntaketa lanagatik.

"Odolaren mintzoa gu eta gure bizitza izan da eta gure bizitza hemen dago", eskertu nahi izan diete aurrean zituzten lagun, senide eta zaletuei; hitz batean, urte hauetan guztietan Odolaren Mintzoaren komunitatea osatu dutenei.