Ezohiko mugimendua larunbat arratsalde honetan zehar Sutegin. Izan ere, azken prestaketa lanetan ari baitziren gaurkoan kultur-etxeko erakustaretoan, igande honetan, urtarrilaren 26an jokatuko den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ekimeneko antolatzaileak.
Asteotan izena emana zutenak dira bisitan izan dituztenak, biharko probarako dortsalak jasotzen, 16:00-19:00 artean. Ordu tarte horretan Sutegira joan ezin duenak lasai, igande goizeko 7:30etatik aurrera ere eskuratu ahal izango da eta, antolatzaileek frontoian jarriko duten postuan. Pilotalekuan bertan kokatuko da helmuga baita, bertan banatuko dira parte hartzaileentzako opariak eta kokagune bera izango du azken anoa guneak.
Bi ibilbide
Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ekimenaren hamahirugarren edizioa egingo den asteburuan gara jada bistan denez. Igande goizean, ostegun honetara arte izena emandako ehunka txirrindulari batuko dira Usurbilen. Antolatzaileek sare sozialen bidez ohartarazi dutenez, "gure aldetik, dagoeneko dena prest dugu: ibilbideak, txalekoak, opariak, anoa guneak, gogoa eta ilusioa. Igandean elkar ikusiko dugu!".
Lehenago, igande goizeko 9:00etan abiatuko dira Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probako parte hartzaileak Mikel Laboa plazatik. Bi ibilbide izango dituzte aukeran: bat motza izango da, bestea luzea. Motza, 23 kilometrokoa (+650 metro) eta luzea 32 kilometrokoa (+950 metro). Antolatzaileek esana duten moduan, bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da.
Ibilibidean zehar, anoa zerbitzua izango dute parte hartzaileek. Ekimenean parte hartzeak eginiko ekarpena nabarmendu dute antolatzaileek. "Andatza mendiaz disfrutatzea, prestatutako ibilbideaz disfrutatzea, laguntzaileek emandako produktuak dastatzea, laguntzaileek emandako produktuen zozketan parte hartzea (deskontu bonoak, arropa, bazkariak...). Txalekoa ere parte hartzaile guztiek izango duzue eta garrantzitsuena: izaten dugun giro paregabeaz gozatzea!", nabarmendu dute antolatzaileek.
Helmugan, frontoiko kokaguneaz gain, parte hartzaileek Oiardo kiroldegia baliatu ahalko dute, bizikletak garbitzeko anbulatorio ondoko aparkalekua ere bai, bertan jarriko baitituzte horretarako mangerak.
Hotz gehiegi ez, haizea bai
Hotz handirik ez da espero iganderako, baina goiz haizetsua izango dugula ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Abisu horian izango gara, 80-100 kilometro orduko haize-bolada arriskuagatik.
Trafikoa
Ekimen hau tarteko, ohi bezala, Oxtapetik Kale Nagusirako sarbidea itxita egongo da igande goizean 8:00-14:00 artean, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. Horren ondorioz, bertatik heldu ohi diren autobus zerbitzuak San Inazio aldetik sartuko dira. Udaletxe ondoko geltokian, beraz, ez da autobus zerbitzurik izango igande goizean; halakoetan ohikoa den moduan, San Inazioko biribilgunean geratuko dira.