Azkenetan azkena zen, berezia. Ibilbide luze baten agurrak eragindako emozio handiarekin bukatu du larunbat gau honetan, Odolaren Mintzoak ia bi hamarkadako jarduna. Ongi babestuak eta jai giro betean eskaini dute bart azken emanaldia frontoian egindako ia hamabi orduko jaialdiaren baitan.
Lagun, senide eta zaletuak batu ditu, taldearekin batera urteotan hazten joan den O.M.-ren komunitatea. Bidelagunen artean desegin da 2006an herri honetan Beñat eta Joanes Txuekak, Luken Arkarazok eta Jokin Irastorzak sortutako taldea. Ibilbide honetan sortutako abestiak azken aldiz kantatuz, azken abestiak, oholtza gaineko azken emanaldia... Emozio handiko azkena.