Kito, erabaki duzue zein izango den aurtengo Inauteri Festarako mozorrotzeko gaia; superheroiak. Azken asteotan, martxoaren 1ean ospatuko dugun jaialdirako proposamenak egiteko gonbita egin du NOAUA! Kultur Elkarteak. Zuek bidalitako ekarpenen artean bi izan ziren, hautaketa prozesuko azken txanpara ailegatu zirenak; aipaturiko superheroiak eta Usurbil 3025.
Bigarren gaiak mila urte barruko Usurbil eta usurbildarrei, mila urte barruko herri eta mundu ikuspegiari erreparatu nahi zion. Azken hitza zuek izan duzue. Horretarako, inkesta bidez proposatu zuen kultur elkarte honek Inauteri Festarako bi gaion arteko hautaketa egitea.
Inkesta hori atari honetan bertan zintzilikatu genuenetik parte hartze handia izan da eta lehia estua mozorro festarako gaia erabakitzeko bi hautagaien artean. “Zertaz mozorrotu nahi zenuke Inauteri Festan?” horixe zen egin genizuen galdera. Superheroiak edo Usurbil 3025, gaion artean bat aukeratu behar zenuten. Superheroien gaiak une oro boto gehiago jaso izan ditu, baina aldea txikiagotu du egunek aurrera egin ahala, etorkizunera begira jarri nahi gintuen bigarren gaiak. Halere, aipatu moduan, superheroien aldeko hautua egin duzue gehienok, %58,8ak hain zuzen (astelehen goiz honetako datuen arabera). Gainerako %41,2ak, Usurbil 3025 nahiago zenuten mozorrotzeko aitzakia gisa.
Milesker, hautaketa prozesu honetan zehar hitza hartu duzuen guztioi!
Marrazki bizidunetatik haratago
Zuek izatea nahi genuen azken hitza. Zuek agerturiko borondatea betetzea dagokigu orain. 2025eko martxoaren lehen eguneko mozorro festa egunez superheroiez janztea proposatzen dizue kultur elkarte honek, zuen iritzia kontuan izanda.
Denok oroimenean iltzatuak izango ditugu marrazki bizidun bat baino gehiagoko superheroiak. Baina proposamen honek ikuspegia zabaldu eta irudimena lantzeko gonbita ere izan nahi du. Zuen bizitzetako superheroien topaleku izateko gonbita duzue honakoa. Hilabete baino ez da geratzen. Ekin prestaketei!
Jaialdi girotua
Mozorro festa eguna, aurreko edizioen antzera, NOAUA! Kultur Elkarteak antolatuko du. Festa girorako bi osagai nagusiak ez dira faltako aurten ere; kalejiran, dantzan eta musikaz blai jai giroan murgiltzeko aukera izango da martxoaren lehenean.
Inauteri Festetako gaiak
2025/3/1: "Superheroiak".
2024: fauna.
2023: filmak.
2022: gai librean ospatu zen Inauteri Festa.
2021: osasun krisialdia tarteko, ez zen Inauteri Festarik antolatu.
2020: dantza.
2019: jolasak.
2018: ospetsuak.
2017: Ingurumena.
2016: lanbideak.
2015: ipuinak.
2014: Erdi Aroa.
2013: musika.
2012: mitologia.
2011: itsasoa.
2010: zirkoa.
2009: Olinpiar Jokoak.
2008: xomorroak.
2007: Brasil.
2006: marrazki bizidunak.
2005: Usurbil, Oesteko herri.
2004: Hollywood.
2003: munduko kulturak.
2002: extralurtarrak.