Abisu horian

Egun haizetsuak datozkigu

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 27a, 08:09

Asteartean eta asteazkenean abisu horian izango gara berriz haizeagatik.

Asteburu haizetsua izan dugu eta tankera beretsuko egunak datozkigu berriz. Izan ere, gauerditik aurrera, asteartean eta asteazkenean abisu horian izango gara; Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten ari denez, gaur gauerditik astearte arratsaldeko 18:00ak arte eta asteazken goizaldeko 06:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte.

Astearteari dagokionez, gaur gauerditik bihar eguerdira, "hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute haizeguneetan, bereziki barnealdeko mendi inguruetan". Gero haizearen norabidea aldatu egingo da. Hala, eguerditik arratsaldeko 18:00ak arte, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldean eta hortik gertu gertu dauden toki garaietan. Haizeguneak ez diren lekuetan, kostaldetik gertu, boladak 80 km/h ingurukoak izango dira eta gainontzeko tokietan 60-80 km/h-koak", ari da berri ematen Euskalmet.

Iragarpena
Asteazkenean, urtarrilaren 29an, abisu horian izango gara berriz, aipatu moduan, 6:00-15:00 artean. "Haizeguneetan hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldean. Haizeguneak ez diren lekuetan 80 km/h abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldean", zehaztu du meteorologia agentziak.

Giro haizetsu honetan barneratu aurretik, gaur, urtarrilaren 27an Usurbilen, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu noizbehinka; egunaren erdiko orduetan ostarte zabalak agertuko dira. Ekaitzak jo dezake. Egunaren amaieran atertuz joango da. Mendebaldeko edo hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, hego-mendebaldekoa nagusi, bolada oso gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketa handirik ez".

Asteartean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu, batez ere eguerditik aurrera. Mendebaldeko edo hego-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, bolada oso gogorrekin arratsaldean. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsi eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Asteazkenean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu noizbehinka. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.