Iberiar penintsulako beste lurralde batzuetan bezalaxe, "Herminia" izena jarri dioten ekaitza geurean ere eragina izaten ari da egunotan. Haizeagatik abisu horian izango gara astearte eta asteazken honetan, urtarrilaren 28an eta 29an, hurrenez hurren. Gaurkoari dagokionez, gauerdiaz geroztik arratsaldeko 18:00ak arte segiko dugu abisu horian haizeguneetan; 12:00ak arte, "hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute".
Gero, haizearen norabidea aldatu egingo dela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Hala, 12:00-18:00 artean, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldean eta hortik gertu gertu dauden toki garaietan. Haizeguneak ez diren lekuetan, kostaldetik gertu, boladak 80 km/h inguruakoak izango dira eta gainontzeko tokietan 60-80 km/h-koak".
Asteazkenean, berriz ere abisu horian izango gara haizeagatik, 06:00-15:00 artean. "Haizeguneetan hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldean. Haizeguneak ez diren lekuetan 80 km/h abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldean", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Iragarpena
Hala, gaur, urtarrilak 28, Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu, batez ere eguerditik aurrera. Mendebaldeko edo hego-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, bolada oso gogorrekin arratsaldean. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsi eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".
Asteazkenean, hilaren 29an, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu noizbehinka. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".
Etzi, hilaren 30ean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Goizaldean haizeak ipar-mendebaldera eta iparraldera egingo du, ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin; norabide aldaketa gertatzen denean boladak oso gogorrak izango dira. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.