Usurbil, Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoko sustatzaile hirugarrenez

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 28a, 12:37

Euskarazko sorkuntza bultzatzen duen egitasmoaren baitan, herrikide batek egonaldia egingo du bere egitasmoa garatzeko Euskal Herriko herri batean. Usurbildik kanpoko beste sortzaile batek udalerri honetan onduko du bere sorkuntza proiektua.

Abian da hirugarrenez, euskarazko kultur sorkuntza sustatzea xede duen Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoa. Ekimenaren sustatzaileen artean izango da hasieratik egin bezala, Usurbilgo udalerria. Berri eman dutenez, "literatura, komikigintza, zinegintza eta antzerkigintza alorretako 30 proiektu hautatu dira, inoiz baino gehiago; sortzaileek, beka baten bitartez, egonaldiak egingo dituzte 30 herritan edo herri multzotan". 26 sortzaile bekadun izan zituen 2021-22 arteko edizioak, 22 2023-24 artekoak.

2025-26 urte artean garatuko dituzte proiektuok sortzaileek egokitu zaizkien udalerrietako egonaldietan. Proiektuok hautatzeko "abenduan osatu zen balioespen batzordean, goi mailako epaimahaia izan da beka jasoko duten sortzaileak hautatzearen arduradun: Kepa Errasti antzerkigintzan, Asisko Urmeneta komikigintzan, Danele Sarriugarte literaturan eta Esti Urresola zinegintzan".

Ixabel Agirresarobe, parte hartzaileen artean
Aurreko bi edizioetan bezala, Usurbilgo udalerriak hirugarren honetako ekinaldian ere parte hartuko du. Gogoan izan, estreinako edizioaren baitan, Itxaro Borda Baionako idazleak 2021ean Santuenean eginiko egonaldiaren baitan ondu zuen bere "Gauak Zuri Usurbilen" liburua. Bi urte geroago, 2023an Iñaki Martiarena "Mattin" izan genuen eta "Handantza" komikia sortu zuen.

Oraingo honetan, Jon Ander Urresti aktoreari egokitu zaio egonaldia Usurbilen egitea. Bestalde, Usurbilgo sortzaileek ere parte hartu izan dute egitasmo honetan; estreinako edizioan, Yolanda Arrietak eta Ugaitz Agirrek. Arrietak Nafarroako Etxarri-Aranatzen egin zuen egonaldia, Agirrek Arabako Artziniegan. Egonaldi haietan ondu zituzten haien sortze lanak; Arrietak "Estekak" eta Agirrek "Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia". Hirugarren edizio honetara aurkeztu du bere literatura proiektua Ixabel Agirresarobek. Elkarrengandik hurbil baina herrialde ezberdinetan dauden Arabako Asparrenan eta Nafarroako Ziordian egingo du egonaldia.

Sortzaileak eta udalerriak
Usurbilgo Udaletik azaldu duten moduan, Udalbiltzaren egitasmo hau "geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ostean ere. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez".

Hirugarren edizio honetan, honako hauek izango dira Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoko sortzaile bekadunak:

Komikigintza
Eñaut Aiartzaguena: Ataun eta Etxarri-Aranatz.
Amane Apalategi: Hernani.
Uxue Bereciartua: Araitz, Larraun, Betelu eta Lekunberri.
Usue Egia: Legorreta.
Patricia Etxegarai: Ziortza-Bolibar.
Eneritz Ibarra: Atharratze.
Asier Iturralde GASTON: Mutriku.

Literatura
Miren Artetxe: Atxondo.
Naia Arantzamendi: Baigorri.
Ixabel Agirresarobe: Asparrena eta Ziordia.
Garazi Albizua: Ortzaize.
Peru Calabaza: Ikaztegieta.
Zigor Garro: Sartaguda, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Andosilla.
Oier Guillan: Aulesti, Amoroto eta Munitibar.
Saioa Iribarren: Oiartzun.
Goiz Eder Iturain: Etxalar, Arantza, Lesaka eta Bera.
Maitane Nerekan: Amasa-Villabona.
Maitane Perez: Gorliz.

Zinemagintza
Alba Lozano: Zumaia.
Raul Barreras: Baztan.
Aitor Arruti: Elorrio.
Olatz Ovejero: Larrabetzu.

Antzerkigintza
Metrokoadroka: Galdakao.
Jon Ander Urresti: Usurbil.
Infinito taldea: Leitza eta Berastegi.
Argimalutak: Berriatua.
Zelako kultur ideiak: Astigarraga.
Ekhiñe Famoso: Plentzia.
Imanol Epelde: Ajangiz eta Muxika.
amaHiru: Hiriburu.