"Aurtengoak marka guztiak hautsi ditu"

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 29a, 09:34

2.500 saski baino gehiago saldu eta 12.000 euro baino gehiago eskuratu dituzte Zuberoako ikastolen aldeko udazkeneko kanpainan, Nafartarrak taldetik berri eman dutenez.

Arrakastatsua izan da udazken partean Zuberoako ikastolak laguntzeko bideraturiko elkartasun kanpaina. Herri barruan Nafartarrak taldeak sustatu du beste behin, han ekoitzitako produktuez osaturiko saskien salmenta. "Aurtengoak marka guztiak hautsi ditu", nabarmendu dute NOAUA!ra igorritako oharrean. Pozarren agertu dira ekimenak beste urte batez izandako harrerarekin.

Eskerrak helarazi dizkiete beste behin, "Usurbilgo eta inguruko herriei dinamika hau sostengatzen jarraitzeagatik".


"Aurtengoak marka guztiak hautsi ditu"
Gustura geratu dira Sohuta eta Basaburuko ikastoletako gurasoak aurtengo kanpainarekin, eta baita saski hauek osatzen diharduten ekoizleak ere. Beste urte batez, saskien salmentekin ibili gara eta aurtengo emaitzekin gustura gaudela esan dezakegu (2.500 saski banatu dira Euskal Herri osoan). Gure inguruko herrien kasuan, elkarlanean ibili garenon artean, 12.000 eurotik gora lortu ditugu. Eskerrik asko Usurbilgo eta inguruko herriei dinamika hau sostengatzen jarraitzeagatik. Datu hauek ikusita, gure herrietan oraindik elkartasuna geratzen dela ikusi dugu. Amaitzeko, saski hauek erosi dituzuenoi, banaketan laguntzen ibili zaretenoi eta gainontzeko bidelagun guztiei eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Espero dugu hurrengo kanpainan ere elkar ikustea! Eskerrik asko Usurbil.

Nafartarrak