Azken egunotan bezala, asteazken honetan, urtarrilaren 29an ere, abisu horian egongo gara haizeagatik 06:00-15:00 artean. "Haizeguneetan hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldean, bertan 110-120 km/h abiadura gaindi dezakete", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, "hego/hego-mendebaldeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldean, non haize-boladak 90-100 km/h ingurukoak izan daitezkeen".
Abisu gehiago
Abisu horiek ez dute etenik izango hurrengo orduotan. Izan ere, gauerditik aurrera, prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara ostegunean egun osoz. "24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdean. Zaparrada ertainak egingo ditu, iraunkorrak eta ugariak; zenbait lekutan trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Horrekin batera, haizeguneetan ere haizeagatik abisu horian izango gara hamabi orduz, 03:00-15:00 artean. "Goizaldean haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta haizeguneetan haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan boladak 70-80 km/h ingurukoak izan daitezke", berri eman du Euskalmet-ek.
Egunotarako iragarpena
Iragarpenari dagokionean, asteazken honetan Usurbilen, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu noizbehinka. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".
Ostegun honetan, urtarrilaren 30ean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Goizaldean haizeak ipar-mendebaldera eta iparraldera egingo du, ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin; norabide aldaketa gertatzen denean boladak oso gogorrak izango dira. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da.".
Ostiralean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, noizean behin ertaina, sarriago egunaren lehen zatian. Arratsaldean euria geroz. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.