Bertsoa oinarritzat duen antzerki ikuskizun bat dela dio sinopsiak. Nola uztartu dira bi lengoaiak?
Gidoia bertso-sorta baten gisan aurkeztu zidaten. Ikuskizunaren egituran bertsoak agintzen du. Hiru partehartzaileak bertsolariak dira eta beraiek sortu dituzte antzezlaneko bertsoak. Nik egin dudana izan da gidoiari antzerki ikuspuntua gehitzea. Bertsolaritza perfor-matzen aritu garela esan dai-
teke.
Janire, Izaro eta Araitz bertsolariek antzezlaneko hiru pertsonaiak gorpuzten dituzte.
Bai, gainera euren izenekin ari dira. Pertsonaia batzuk interpretatu arren, euren esperientzia pertsonaletan oinarritzen dira eta horregatik mantendu dituzte euren izen propioak.
Antzerkiaren kodeak beste batzuk dira. Hirurak bertsolariak izanik, antzezlanerako lanketa berezia egin behar izan dute?
Hirurak bertsolariak dira, peto-petoak. Izaro Bilbao antzerki munduan ibilia zen aurretik baina besteak ez. Beraientzat erabat berria izan da esperientzia. Oholtzara ohituta dauden arren, antzerkiarena berria izan da beraientzat. Obra hau taularatu aurretik, ikastaro espres bat jaso dute.
Oholtza behintzat, ez zitzaien arrotza egingo.
Egia da bertsolariek badutela oholtza gainean presentzia jakin bat. Baina horrek ez du zerikusirik antzezle batek behar duen presentziarekin. Asko landu behar izan dugu gorputza eta espazioa. Bertsolariek asko esaten dute ahotsaren bidez. Gehien kosta zaiguna izan da gorputzetik adieraztea, espresatzea. Eta hor jokoan sartzen dira espazioa, besteekiko harreman eszenikoa…
Tematika aldetik, pil-pilean dauden auziak lantzen dira antzezlan honetan.
Hala da. Bertso-sorta hau jaso nuenean, sorpresa handia hartu nuen. Gu baino askoz gazteagoak dira. Maiz ezbaian jartzen ditugu gaur egungo gazteak, baina mila buelta ematen dizkigute. Kezkatuta dauden gazteak lan handia egiten ari dira eta hiru neska hauen proposamenean adibidez, sakontasun handia topatu nuen. Ahalmen handia dute gure gizartean pil-pilean diren kontuak detektatzeko.
Emanaldi asko egiten ari dira. Oihartzun handia izaten ari den seinale, ezta?
Bai, bertsolaritza zirkuituan bereziki zeresana ematen ari da. Gazte asko mugitzen dira euren emanaldietan. Proposamenak berak jakinmina sortzen du gainera, ez baita ohikoa bertsolariak antzerki munduarekin performatzen ikustea.
Gazte jendearentzako bakarrik da hortaz? Hala helduentzat ere interesgarri al da?
Oso interesgarria da adin guztientzat. Gai unibertsalak dira, ez dira modaz pasatzen. Sutegira etortzen diren guztiak antzezlanean planteatzen diren kontuekin identifikatuko dira. Generazio ezberdin bat izan arren, helduek euren burua islatuta ikusiko dute.