12 urtera arte haur eta gaztetxoek doan baliatu ahalko dituzte Mugiren baitako garraio zerbitzu publikoak ostegun honetatik, urtarrilaren 30etik aurrera. Hala erabaki zuen aste hasieran, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak. Urte amaieran iragarri zuen Euskadiko Garraioaren Agintaritzak neurri hau aplikatzen hasiko zela hilabete amaiera honetan, otsaila hasieran beranduenez jota, baina data zehatzik jarri gabe.
Aipatu moduan, ordea, orain bai, neurri berri hau aplikatzen hasiko diren eguna zehaztu du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak. Gaurtik aurrera, Mugiren baitako garraio zerbitzu sare osoan doan ibili ahalko dira 12 urtera arteko haur eta gaztetxoak. Usurbil inguruko herriekin lotzen duten garraioei dagokienean, EuskoTren doan baliatu ahalko dute hilaren 30etik aurrera, baita Lurraldebuseko zerbitzuak; esaterako, Zumaia Donostiarekin lotzen duen UK09 zerbitzua, Usurbil Hernanirekin nahiz udalerri hau ospitaleekin lotzen duten zerbitzuak baita. Txikitatik mugikortasun ohitura jasangarriak sustatu nahi dituzte erabaki horrekin, haurrak dituztenak ekonomikoki laguntzearekin batera.
Horretarako, ordea, neurri berri honen onuradunen, 12 urtera arteko gaztetxoen guraso edo tutoreek Mugi txartela tramitatu beharko dute. Jada txartela duten adingabeek ez dute inolako tramiterik egin beharko. Informazio gehiago mugi.eus atarian jaso ahalko duzue.
Horrez gain, "Euskotrenen garraiobide guztietan, bakarrik bidaiatzen duten 12 urtetik beherakoek gurasoen edo tutoreen baimena beharko dute, eta eredua Euskotrenen webgunetik jaits daiteke", ohartarazi dute. Esteka honetan eskuratu dezakezue: Euskotrenen bidaiatzeko baimena.
Lurraldebusen kasuan, zerbitzu hau baliatzeko "beharrezkoa izango da Mugi txartel pertsonalizatua izatea eta hau erakustea. Gidariak doako bilete bat emango dio erabiltzaileari".
Urte amaierako erabakia
Gogoan izan, orain arte, 6 urtera arteko haurrek doan erabili zitzaketen garraio zerbitzu publikoak. Etzitik aurrera, aldiz, 6-12 urte artekoek ere doan sartu ahalko dira Euskotren edota Lurraldebusen zerbitzuetan. Guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 130.000 gaztetxok izan dezakete erabaki honen onura.
Izan ere, Euskadiko Garraio Agintaritzak urte amaieran eginiko bilkuran erabaki horixe hartu zuen; 6-12 urte artekoek garraio zerbitzuak doan izatea, urte honetatik aurrera. Baina "doakotasunaz gozatzeko, adingabeek txartel pertsonalizatua izan beharko dute, beren bidaiak zero kostuan baliozkotze aldera, beren lurraldean neurria abian jartzerakoan".
%50eko deskontuen segida
Bestalde, orain arte indarrean ziren garraio publikoko %50eko hobariak mantentzea erabaki zuen urte amaieran Euskadiko Garraio Agintaritzak beste sei hilabetez gutxienez. Gipuzkoako Foru Aldunditik iragarri dute, neurri horri eutsiko diotela. "Gainerako administrazioekin harremanetan jarraitzen dugu, datozen egunetan zer pauso emango diren ikusteko", iragarri dute Aldunditik.
Iaz bezala, datozen hilabeteotan ere hobari horietaz gozatzen jarraitzeko aukera izango da, beraz. "Estatuko araudiak ezartzen duenez, gobernu zentralak bere gain hartzen du deskontuaren kostuaren % 30, baldin eta toki-administrazioek gainerako % 20a ordaintzen badute. Euskadin, Eusko Jaurlaritzak, orain arte, % 10 hartu du bere gain, eta probintzia- edo udal-administrazioek eta -operadoreek gainerako % 10a", azaldu zuten urte amaieran Eusko Jaurlaritzatik.