Udalbatzaren urteko lehen osoko bilkura gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 30a, 08:47

Hamabi puntuko gai-zerrenda jorratuko dute udal ordezkariek ostegun honetako, urtarrilaren 30eko osoko bilkuran.

Hilero moduan, urtarrileko azken ostegun honetan bilduko da udalbatza hainbat erabaki hartzeko, ohi bezala, arratsaldeko 18:00etan. Horien artean, Usurbilgo Udaletik helarazitako gai-zerrendaren arabera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) behin behingoz onartzeari buruz bozkatuko dute udal ordezkariek.

Etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaz gain, Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzen alokairu-kontratuaren onarpena ere ahotan hartuko dute.

Herri-bideen erabilerari buruzko udal ordenantzaren hasierako onespena ere hizpide izango dute, diru kontuez gain. Izan ere, aurreko hiruhileko udal finantziazioari buruzko argibideak emango dira, aurtengo onarturiko udal lanpostuen zerrenda aldatzeko proposamenaren onespenaz bozkatzearekin batera. Amaitzeko, “euskara egitasmoak elkarlanean emateko Buruntzaldeko udalen arteko hitzarmena onartzea” ere bozketara eramango dute.

Segidan duzue xeheago, gaurko saioaren harira, Usurbilgo Udaletik helarazitako gai-zerrendaren berri:

Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: urtarrilak 30, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2024ko abenduaren 19ko bilkurako akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2024ko abenduaren 17tik 2025eko urtarrilaren 24ra (2024/1394-2025/87).
3.- Kontu ematea: 2024ko 4. hiruhileko aurrekontuaren exekuzioa.
4.- Kontu ematea: 2024ko 4. hiruhileko Ordainketen Batazbesteko Epea (OBBE).
5.- 2025eko Lanpostuen Zerrendaren aldaketa (2024FAZE0002).
6.- 2025eko Plantilla Organikoaren aldaketa (2024FAZE0003).
7.- Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin behingoz onartzea (2025DEKR0005).
8.- Hiritar izaerako herri-bideen erabilera eta horietako trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen udal ordenantzaren hasierako onespena (2025UDOR0001).
9.- Euskara egitasmoak elkarlanean emateko Buruntzaldeko Udalen arteko hitzarmena onartzea (2024HITZ0012).
10.- Etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzeko Usurbilgo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena luzatzea (2023HITZ0009).
11.- Egurtzegiko eraikinean dauden eta Matia Fundazioaren jabetzakoak diren bizi osorako etxebizitzen alokairu-kontratua onartzea (2025ALOK0001).
12.- Eskaera eta galderak.