Abisu horian gaur euriagatik eta haizeagatik

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 30a, 08:10

Haizeagatik abisu horian izango gara arratsaldeko 15:00ak arte, euriagatik egun osoz.

Abisu horian segiko dugu beste egun batez. Gaurkoan, ordea, abisu hori bikoitza izango da indarrean, Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten ari denez; batetik, haizeagatik gaur arratsaldeko 15:00ak arte. Izan ere, "goizaldean haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta haizeguneetan haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan boladak 70-80 km/h ingurukoak izan daitezke", Euskalmet-en arabera.

Horrez gain, prezipitazio iraunkorragatik ere abisu horian izango gara egun osoz. "24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdean. Zaparrada ertainak egingo ditu, iraunkorrak eta ugariak; zenbait lekutan trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake", aipatu meteorologia agentziaren arabera.

Aldaketa, bihartik aurrera
Izan ere, ostegun hau, urtarrilaren 30a, "neguko giro petralarekin dator, euriarekin eta haize zakarrarekin. Euria erruz egingo du, ia atsedenik gabe, eta baliteke zenbait tokitan zaparradak trumoitsuak izatea eta txingorra egitea. Haizea ere nabarmendu behar dugu, ipar-mendebaldera egingo du eta zakar ibiliko baita. Tenperaturak behera egingo du eta giroa hotza izango da, beroenak 7-13 ºC artekoak izango dira eta ipar-mendebaldeko haize finak hotz sentsazioa areagotuko du".

Giroa egonkortuko da ostiralean. "Zerua lainotuta egongo da eta oraindik euria egingo du, bereziki egunaren lehen zatian eta ipar partean. Arratsaldean aterruneak luzeagoak izango dira. Iparraldeko haizeak indarra galduko du, baina kostaldetik gertu oraindik enbarazu egingo du. Tenperaturan, aldaketarik ez".

Larunbatean, otsailaren lehenean, "giro motel samarra izango dugu, bereziki ipar partean; bertan, eguerdi aldera eta arratsaldean euri txikia egingo. Gauean ostarteak zabalduko dira. Ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, eta tenperatura maximoetan ez dugu aldaketarik espero behar".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.