Abisu horian

Oria erriberan barneratzen hasia

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 30a, 20:37

Azken orduotako euri-jasak tarteko, oso hazita dator Oria inguruotan. Erriberetan muturra sartua du jada.

Haize-bolada bortitzak izan ditugu azken orduotan, euria ere gogotik egin du. Goitik behera botatako prezipitazioa Oria irentsi ezinik dabil ostegun iluntze honetan, urtarrilaren 30ean. Izan ere, gogotik hazi da ibaia inguruotan. Ohiko tokietan, erriberetan muturra sartzen hasia da ostegun iluntze honetan, Santuenea eta Txokoalde artean esaterako. Indarrez dator, ur-emari handiarekin.

Euskalmet meteorologia agentziak Usurbildik gertuen, Lasarten duen estazioak azken orduotan bildutako datuen grafika duzue segidan. Eguerdiko 12:30ak pasatxoan, ibaia etenik gabe nola hazten joan den ikus daiteke bertan. Arratsaldeko 15:00ak aldera maila horia gainditu du eta 19:00ak pasatxoan maila laranja.

Estazio horretan bertan, 52,9 litro bildu dira metro karratuko azken 24 orduotan. Bestalde, gogoan izan, haizeagatik ere abisu horian izan garela goiz partean. 74,8 kilometro orduko bolada erregistratu du Euskalmet-en Lasarteko estazioak.



Iragarpena
Gogoan izan, gauerdira arte abisu horian segiko dugu prezipitazio iraunkorragatik, gaur egun osoan izan garen moduan. "24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdean. Gainerako orduetan 5-10 l/m² inguru pila daitezke, bereziki ekialdean", Euskalmet-ek ohartarazia duenez.

Ostiralean atertze aldera joko du. "Zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, noizean behin ertaina, sarriago egunaren lehen zatian. Arratsaldean euria geroz. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira", Euskalmet-en arabera.

Larunbatean, otsailaren lehenean, "goizean lanbroa eta lainoa sortuko dira. Tarteka behe-hodeiak agertuko dira, bereziki goizean. Goizaldean baliteke euri txikia egitea. Ipar/ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.