Harrera larunbatean, iaz geure artera bizitzera etorritakoei

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 31a, 09:41

Udalerri honetara 2024an bizitzera etorritakoei harrera egingo die Usurbilgo Udalak otsailaren lehenean.

Otsailaren 1a harrera eguna izango dugu Usurbilen. Izan ere, iaz udalerri honetara bizitzera etorritakoei ongi etorria emateko ekitaldia antolatu dute Usurbilgo Udalak eta Aniztasun Kontseiluak. Ekitaldia larunbat goizeko 11:30etan egingo da udaletxeko udalbatza aretoan. “Hainbat helburu ditu harrera bilerak, besteak beste, elkar ezagutzea, harreman berriak sortzeko aukerak zabaltzea eta herriko elkarbizitza erraztea. Herriko baliabideen berri eman ostean, herriko ondarea eta euskal kultura ezagutarazteko 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren bidez eskaintzen diren bisita gidatu berezia prestatu dute haientzat, Usurbil hobeto ezagutzeko aukera emango dielakoan”, jakinarazi dute Udaletik.

Harrera egingo zaien herrikideei hitzordura gonbidatzeko gutun bana bidali diete deitzaileek. Udal iturrien arabera, hain zuzen, eskuartean dituzten errolda datuak aintzakotzat hartuta, “hazi egin da hainbat jatorritako herritar berrien kopurua, eta, ondorioz, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta, oro har, identitate aniztasunaren kudeaketa erronka handia da Usurbilentzat”. Baina aniztasuna mehatxua aberastasuna dela nabarmendu du alkateak bizilagun berriei helarazitako gutunean. Alor honetan, azken urteotan eginiko ibilbideko mugarri nagusien aipamena egin zaie Usurbila etorritakoei, “Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen” lan-ildoaren baitan: “Migrazioari maskarak erauzten” dokumentala, Mundualdia, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Ongietorri Gida, Usurbil harrera herri bilakatzeko harrera zerbitzua...