Osasun sistema publikoa defendatzeko deia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 31a, 09:19

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek manifestazioak deitu dituzte otsailaren lehenean hiriburuetan. Donostiakoa 17:00etan abiatuko da Bulebarretik.

Osasun sistema publikoa defendatzeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek otsailaren 1erako Osakidetzaren lurraldean, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, "indartu eta defendatu gure osasun publikoa! Promesa gehiagorik ez! Konponbide errealak, orain!" aldarripean deitutako manifestazioekin bat egin dutenen artean da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua. Gogoan izan, Usurbildik gertuen, Donostian egingo da mobilizazio hauetako bat. Larunbat arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Bulebarretik.

"Eusko Jaurlaritzak osasun publikoa desegiteko eta pribatizatzeko bidean jarraitzen du", salatu dute, aipatu mobilizazioen herri plataforma deitzaileek.

Egoera hori iraultzeko, "promesak baino inbertsio handiagoak eta hobeak behar dira, lehen arretari lehentasuna emanez, bidezkoena den eredua delako, prebentzioan eta osasunaren sustapenean zentratzen delako, gastu txikiagoa sortzen duelako, arreta hobea eskaintzen duelako eta sistemaren iraunkortasuna bermatzen duelako. Eta bere profesionalen lan-baldintza prekarioak amaitu behar dira".


Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen adierazpena
Osasun sistema publikoaren alde, promesa gehiagorik ez!
Osasunerako eskubidea arrisku larrian dago. Azken urteotan, Eusko Jaurlaritza estrategia orokorra garatzen ari da osasun-sistema publikoa desegiteko eta pribatizazioa bultzatzeko. Osasun-negozio pribatuen aldeko estrategia horrek zerbitzu publikoaren kalitatea hondatzea eskatzen du lehenik. Horregatik zailtzen dute zerbitzurako sarbidea (itxarote-zerrendak handituz), edo ez dute erreferentziako profesionalen jarraikortasuna errespetatzen, etengabe txandakatzera behartuz, eta horrela Osakidetzaren izen ona eta ospea ahulduz.

Osasun Publikoaren narriadura gorakor horrek, zerbitzuaren kalitate eta herritarren osasunaz gain, osasun-langileen lan-baldintzak okerragotu egiten ditu (lan-gainkargak, lan-prekarietatea...), eta kudeaketa autoritarioko eredua nabarmentzen du eta herritarrok erabakietan parte hartzeko dugun eskubidea urratu egiten du.

Osasungintza sektore pribatuaren eskuetan jartzeak Osasun publikoa ahultzea dakar, baliabide ekonomiko garrantzitsuak kentzen baitzaizkio. Saihes daitezkeen erikortasuna eta heriotza-tasa handitzen du, kostuak areagotzen ditu, osasun-jardueren osotasuna desegituratzen du eta historia kliniko indibiduala pobretzen du, osasun-arretaren informazioa negozio pribatu askoren eskuetan sakabanatuz.

Bereziki deigarria da estrategia horrek Lehen Mailako Arretan duen eragina, osasun-laguntzaren %80 artatzen baitu. Osasun-sistemaren ardatz nagusi hori definitzen duten elementu garrantzitsuen garapenik ezak edo urritasunak ahitu egin du familia eta komunitate eredua. Mendekotasun-zaintza ez aipatzeak edo osasun-eragile sozialetan esku-hartze faltak larritu egiten dute ereduaren funtzionamendu egokia. Bestalde, langileen eta jendartearen parte hartzeko ezintasunak eta giza baliabide eta baliabide ekonomikorik ezak eredu hori definitzen zuten funtsezko elementu gehienak kentzen dizkiote ereduari: irisgarritasuna, unibertsaltasuna, integraltasuna, arretaren jarraitutasuna, ekitatea eta orientazio komunitarioa.

Desegite-estrategia horretan kokatu behar dira Osasun Zentroen eta Etengabeko Arreta Guneen ordutegien murrizketa eta zentruen itxiera orokortuak, ahaztu gabe medikurik gabeko zentroak, arreta jasotzeko beste udalerri batzuetara egindako joan-etorriak, edo hainbat espezialitatetako profesionalik eza; gainera, lan-gainkarga itzela eta lan-prekarietatea (%50 ingurukoa) eta horien finantzazio eskasa.

Osasun Sailak ez du egoera hori zuzentzeko interesik, argi eta garbi ikusten da bere jardueretan:
-Osasun Sailaren 2025eko aurrekontuak %0,35 igo dira, aurreikusitako 2024ko benetako gastuarekin alderatuta.
-Sailburuak pandemiaren aurreko itxaron-zerrendak berreskuratuko ez direla iragarri du.
-2028ra arte profesional medikoen aurreikusitako defizita eta 2035ean aurreikusitako berreskuratzea.
-Erakunde Sanitario Integratuen "ESI" egungo eredua mantentzea (lehen mailako arretaren narriaduraren funtsezko elementua).
-Zerbitzuen pribatizazioa mantentzeko borondatea, 2025ean altxor publikoko ehunka milioi desbideratuz.
-Era berean, lehen kanporatutakoak (hala nola garraio sanitarioa) berreskuratzeari uko egitea.

Osasun Sistema Publikoak norabide aldaketa bat behar du, eta horri heldu behar zaio Euskal Osasun Itunaren Mahaitik haratago. Premiazko arazoek eskatzen dituzten konponbideez gain, mahai horrek beharrezko egitura-aldaketak adostu beharko lituzke osasun publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatzeko. Honako neurri hauek aplikatzeko gai izan beharko luke aipatutako Mahaiak: pribatizazioa geldiarazi eta sistema publikoari baliabide ekonomiko gehiago eman, Lehen Mailako Arreta indartu; langileen lan-baldintzak hobetuz eta plantilla nahikoa, egonkorra eta prekarizatu gabea bermatuz. Azken batean, kudeaketa-eredu gardena eta parte-hartzailea garatzeko gai izan beharko luke Euskal Osasun Itun honek.

Gaur egun, promesa asko entzuten ditugu, baina ez dugu aldaketarik ikusten. Aitzitik, murrizketak eta pribatizazioak ugaritu egiten dira. Horregatik, Osasun Publikoaren Defentsarako Plataformek eta manifestu hau sinatu dugun eragileok uste dugu beharrezkoa dela mobilizazioei eustea, egoera hori salatzeko eta osasun-sistema publikoa defendatzeko.

Horretarako, otsailaren 1ean hiru herrialdeetako hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitzen dugu.