Otsailaren 1ean

Aroztegiako proiektua geratzeko mobilizatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 31a, 09:09

Argazkia: Eguzki Talde Ekologista.

Aroztegiako proiektua gerarazi eta haren aurkako borrokan auziperaturiko zazpi lagunei babesa adierazteko manifestazioa antolatu dute larunbatean Iruñean. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du herritar talde batek.

"Zigortu nahi dutena da gure burua defendatzeko, herri bezala erabakiak hartu ahal izateko edota lurra defendatzeko eskubideak". Horregatik, berebiziko garrantzia du deitzaileentzat, "Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez. Aroztegia gelditu!" aldarripean, otsailaren 1ean Iruñean, 16:00etan epaitegi paretik antolaturiko manifestazioan parte hartzeak. Usurbildik ere herritar talde batek hara joateko autobus zerbitzua antolatu du larunbat eguerdiko 12:00etan Oiardo kiroldegitik. Aurrez eman behar da izena Aitzagan.

Hogei urtez borrokan
Baztango bailaran, 340 biztanleko Lekarozen Aroztegia jauregi zaharraren bueltan "228 familiabakarreko etxebizitza, 4 izarreko luxuzko hotela eta golf zelaia egin nahi dute herritarren borondatearen kontra". 20 urte daramate proiektu hau geratzeko borrokan. Testuinguru horretan, 2021ean egindako kanpaldi batean parte harturiko zazpi lagun epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. "Orotara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko zigorra eskatzen zaie". 

Egitasmo hau planteatu zen garaitik bertatik sortutako herri plataformaren bidez borrokatu dira urteotan guztiotan haren aurka. Helegite bidez gerarazi nahi izan zuten. 2013an epai batek "legez kontrakoa zela" ere ebatzi zuen. Galdeketa bidez ere herritarren gehiengoa aurka agertu zen. 2011 aurretik, halere, udal barruan ezker abertzaleko hautagai-zerrenden legez kanporatzeen garaian, gehiengoa aldekoa zen. Errealitate hau irauli zen gerora, baina orduko Nafarroako Gobernuak "Udalez gaindiko eragina zuen plan bezala izendatu zuen". Hala, proiekturako lur gehiago haienganatzea lortu zuten. Horrekin batera, hogei urteko baimena eman zitzaien (2019an berritutakoa) sustatzaileei egitasmo hau garatzeko, Aroztegiko proiektua geratu eta auziperatuei babesa emateko osatua duten batzordetik aditzera eman dutenez. Tarte horretan, "beste herri galdeketa bat egin zen Baztanen. Gehiengoa proiektuaren eta haren udalez gaindiko izendapenaren aurka agertu zen. Halere, Nafarroako Gobernuak aurrera jo zuen".

2021ean, "baimen batzuk falta zituztela", hondeamakinak zuhaitzak botatzen hasi ziren. "Egunero joaten ginen herritar batzuk obrak gelditzera, baina berriz hasten ziren gero", aipatu bilgunetik oroitarazi dutenez. Testuinguru hartan egin zen aipatu kanpaldia. "Euskal Herriko toki askotatik etorri zen jendea", gogorarazi digute. Salatu dutenez, lehenago ere pairatutakoak ziren jazarpenari, ordutik isun andana heldu zitzaien, eta azkenean, zazpi lagunen kontra jo dute. Proiektuaren sustatzaileek "43 milioi euroko konpentsazioa eskatzen diete Nafarroako eta Espainiako Gobernuei. Ez  badute lortzen guri kenduko digute". Ondorioz, "horrek Euskal Herrian aurrekari bat sortuko du, non borroka guztiak baldintzatuko dituen". Horregatik ikusten dute ezinbestekoa, "Euskal Herri osotik herri bezala erantzutea eraso honi, ikusten dugulako ez dela soilik gure kontrakoa, herri oso baten aurkakoa baizik". Herri mugimendua edota lurraren defensa kriminalizatu nahi dituztela gogorarazi digute.

Batzeko deia 
Orain arte jasotako babesa eskertu dute. "Ikaragarria izaten ari da, oso pozik gaude. Horrek indar handia ematen digu, ez soilik guri". Izan ere, etorkizuneko borroketarako garrantzitsutzat jotzen dute elkartasun hau bistaratzea. Larunbatean, auziperatuen absoluzioa eta Aroztegiako proiektua geratzea exijitzeko deia egin dute. "Herritarren borondatea betetzea eskatzen dugu". 



Lurraren defentsaren kriminalizazioari ez!
Aroztegia gelditu!
Baztango bailaran kokatzen den 340 biztanleko Lekarozko herriak 20 urteko ibilbidea egin du espekulazioaren mamurruaren kontra. 228 familiabakarreko etxebizitza, 4 izarreko luxuzko hotela eta golf zelaia egin nahi dute herritarren borondatearen kontra. Horretarako Nafarroako Gobernuak Baztango udalari eskumenak kendu dizkio. Honez gain nekazarien lurrak eta herri lurrak desjabetuak izan dira. Horrela herritarren erabakitze eskubidea ebatsi dute jauntxo batzuen mesedetan.

2021ean baimen guztiak eduki gabe eta inpunitate osoz makinak sartu zituzten obrak abiatzeko. Herritarrek kanpaldi bat egin zuten obra hauen kontra agertzeko Aroztegiko eremuan bertan. Makinen aitzinean beren gorputzak paratuz, sekula hasi behar ez zuten obrak segitzea eragotzi zuten.

Obrak behin-behinean gelditzea lortu bada ere, egun, baimena dute proiektua egiteko. Obrak momentu batez gelditzea garaipen bat izan bada ere, errepresioa ate joka dugu. Kanpaldi horretan parte hartu zuten 7 lagunek otsailean aste osoko epaiketa izanen dute. Orotara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko zigorra eskatzen zaie.

Akusazioen artean bortxa eta derrigortze delitu larriak eta talde kriminal izatea daude.

Azken akusazio hau onartzen badute EH-ko herri mugimenduarendako zinez marka txarra izanen da, aurrekari aski larria sortuko baitu eta edozein mugimenduri eragiten ahalko baitio.

Hortaz, otsailaren 1ean manifestazio nazionala eginen da Iruñean. Animatu zaitezte!

LURRAREN DEFENTSA EZ KRIMINALIZATU! AROZTEGIA GELDITU!