Ostiral honetan bertan izango da, aipatu moduan, urtarrilaren 31n, Atxega jauregian. Bertan banatuko dituzte 2025eko Argia Sariak. Prentsa, entzunezkoa, ikus-entzunezkoa, Internet eta sustapen ekintza alorreko sari bana eman ohi dute, baita merezimenduzko saria ere. "Argia Sariak urteko ekitaldi berezienetakoa da guretzat. Merezi duten ekimen eta lanak bultzatzeaz gain, euskalgintzan zein herrigintzan dabiltzan eragile askoren topaleku bihurtzen delako. Baina batez ere, gure komunitatearekin egoteko parada izaten dugulako. Azken urteetan, ARGIAko harpideen ordezkaritza bat gonbidatzen dugu sarietara, harpidedunik gabe honek guztiak guretzat ez bailuke zentzurik. Ostiralean jasoko duten txalo zaparrada, beraz, ARGIA diruz laguntzen duzuen kide guztiontzat ere izango da", iragarri dute Argiakoek.
Argazkia eta sari banaketa
13:00ak aldera bilduko dira Atxegan. "Ohiturari jarraituz, hedabideetako, kulturako eta erakundeetako ordezkariek argazkia aterako dute", berri eman du Argiak. Bazkalostean, "Nagore Irazustabarrena eta Axier Lopez Oroimen Histerikoa podcastaren egileek aurkeztutako ekitaldian sariak banatuko dira". Sariak jakinarazi bezain laster, "ARGIAren webgunean egongo da informazio guztia. 20:00etan saio osoa ikusi ahal izango da argia.eus-en".
Ostiraleko hitzorduko prestaketen nondik norakoen berri eman dute baita Argiatik. "Gure lantaldea askoz lehenago jarri zen martxan hau guztia antolatzeko, horrelako ekitaldi batek lan handia baitu atzean: saridunak aukeratzea, gidoiak lantzea, garaikurrak prestatzea, eta bestelako kontu tekniko asko izan dira. Baina jadanik prest dugu dena, eta oso pozik gaude, beste behin Atxega Jauregia euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren festa bihurtuko dugulako", berri eman dute Argiatik.
Irakurleei hautagaiak proposatzeko deia egin zien Argiak udazkenean. "Urtero bezala, ARGIAko lantaldeak erabaki du euskarazko komunikazioan nor nabarmendu den 2024an. Ez dute dirusaririk saridunek, baina ARGIAren aitortzarekin batera, Antton Mendizabal eskultoreak egindako garaikurra emango zaie. Mendizabalen eskulturak 1991tik banatzen dira eta aurtengoak izango dira donostiarrak egindako azkenak, lantegi honetatik erretiroa hartzea erabaki baitu".
Aurreko 35 edizioen berri
Aipatu moduan, hiru egun barru jakinaraziko dituzte nortzuk diren sarituak. "Egunean bertan, argia.eus-en jakin ahal izango duzue zeinek eraman dituzten sariak eta zein diren saritzeko gure arrazoiak. Gainera, ekitaldiaren kronika, ARGIAko lantaldearen mezua eta beste hainbat informazio ere topatuko duzue", iragarri dute.
Girotzen hasteko, aurreko edizioak gogora ekartzeko aukera dugula ohartarazi du Argiak. Izan ere, "kuriositatez atzera jo nahi lukeenak ere badu aukera, webgune berezi batean azken 35 edizioetako saridunak eta haien argazkiak bildu baititugu".