Sarek deitutako mobilizazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 31a, 09:26

Hileroko azken ostiraletako elkarretaratzea deitu du Sarek gaurko.

Urtarrileko azken ostiral honekin batera, bueltan dator Sarek deitutako elkarretaratzea; iluntzeko 20:00etan egingo da Mikel Laboa plazan.

Hilabete hasieran Bilbon eginiko mobilizazio jendetsuaren ondotik egingo da gaurko mobilizazioa. Eragile sozial, sindikal eta politikoen babes zabala jaso zuen manifestazioak. EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP, Més Per Mallorca alderdiek bat egin zuten manifestazioarekin; ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT eta ETXALDE sindikatuek; edota Bakebidean, Egiari Zor, Gure esku Dago, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural, Kataluniako abokatutzaren Koordinadora eragileek.

Eskertza mezua helarazi zuen Sarek sare sozialen bidez. "Eskerrik asko, euskal preso, iheslari eta deportatuentzako konponbidea aldarrikatzeko Bilbora etorri zareten guztiei. Zuen indarra eta konpromisoa ezinbestekoak dira behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza lortzeko". Helmuga horretara bidean, "denon artean lortuko dugu presoen eskubideak urratzen dituzten politikak baliogabetzea. Denon artean ekarriko ditugu etxera, erbesteratuekin eta deportatuekin batera".

"Ongi goaz"
Bide horretan izandako aurrerapausoak nabarmendu zituzten deitzaileek manifestazio amaieran. "Aurrera goaz. Etapak betetzen goaz. Dudarik gabe nahi genukeen baino motelago, baina ongi goaz: aspaldi utzi genituen atzean urruntze politikak eta haiek eragiten zituzten eskubide urraketak; bakartze ziegak; lehen graduan mantentzea zigorrak bete arte; eta berriki, gainera, garaipen bat lortu dugu blokeoari eta krispazioari eusten tematzen direnen kontra: bukatu da betetako zigorrak aintzat ez hartzea. Bukatu da presoek jasan behar izan duten zentzugabekeria juridiko nagusietako bat. Gure aurpegietan iaz baino poz handiagoa ikusten da aurten. Eta hurrengo urtea are hobea izango da. Baina hobekuntza hori guztion lanaren araberakoa izanen da".

Izan ere, "batasunetik eta zuzenbidearen eta giza eskubideen aldeko konpromiso militantetik baizik ez diogu bukaera emango konfrontazioz eta sufrimenduz beteriko garaiari".

"Aitortza berdina"
Espetxe politika arrunta aplikatzea eskatu zuten beste behin, salbuespenezko neurriak etetea bidegabea delako "euskal presoen kontrako salbuespen neurriei eustea". Aitortza bera eskatu zuten indarkeria guztien biktimentzat. "Aitortza berdina exijitzen dugu segurtasun indarrek, estatu terrorismoak edo faxistek torturatu eta eraildako milaka pertsonarentzat, baita boterearen edo Guardia Zibilaren gehiegikeriak jasan dituztenentzat ere, haiek ez baitute aitortzarik. Gehiegikeria horien egileek, ordea, anonimotasuna eta inpunitatea bermatuta dituzte. Biktima horiek existitzen dira, eta ezkutatu egiten dituzte".


Sareren datozen deialdiak
Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Usurbilgo Sare.