Usurbilgo 2025eko jaiak prestatzen hasteko garaia heldu da. Gogoan izan, ohi bezala, uztailaren 2a izango da udalerri honetako jaiegun nagusia. Santixabel egun horixe izango da jaiegunetako bat. Hortik aurrera, gainerako ospakizun egunak zeintzuk izango diren, jaiak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, egun bakoitzean izango den eskaintza zehazteko prozesua abiatzear da.
Dagoeneko bi bilera deitu dira. Lehenengoa, jendaurrean aurkeztu zenetik bost urte bete dituen Xauxar Txozna Batzordeak ostiral honetarako, urtarrilaren 31rako, gaueko 22:00etan Artzabalgo gazte lokalean. "Denon laguntza beharrezkoa da, animatu!", egin dute gonbita aipatu bilgunetik.
Xauxar eta gainerako herriko jaien antolatzaileak (eragileak, norbanakoak...) biltzen dituen jai batzordea ere osatu eta prestaketa lanei ekitear da. Izan ere, otsailaren 13rako iragarri dute aurtengo lehen bilkura, arratsaldeko 17:00etan Potxoenean. Bertan hartuko duten lehenengo erabakietako bat aipatu jaien iraupena izango da, festak noiz hasi eta noiz amaituko diren. Horrez gain, ekitaldien eskaintza zehazteko lanketan murgilduko dira. "Santixabel jaien antolaketan parte hartu nahi duten guztientzako bilera irekia izango da", nabarmendu dute deitzaileek.