Usurbilek etenik gabeko herri sortzailea izaten segitzen duela baieztatzen duen albistea segidan. Iragan asteburuan hemezortzi urteko ibilbide oparoa jorraturiko Odolaren Mintzoa agurtu ostean, heavy metal talde berria jaio da Usurbilen; Izan Bai.
Azkeneko bi hilabeteotan hiru aurrerapen kanta eta bakoitzaren bideoklipak argitaratu ostean, lan osoa plazaratu dute ostiral honetan bertan, urtarrilaren 31n. "Dena Galdu Baino Lehen" izena du haien estreinako sorkuntza lanak. Plataforma digital ezberdinetan duzue entzungai. "Bihotzez, mila esker prozesu honen parte izan zaretenoi eta orain arte gure abestiak entzun eta hain ondo jaso dituzuen guztioi. Poliki-poliki, hau hastera doa, azkenean!", iragarri dute.
Aurkezpen kontzertua
Talde berria, disko berria... Aurkezpen kontzertuaren data finkatzea baino ez zuten falta eta hori ere egina dute dagoeneko. Izan Baikoek Aginagan eskainiko dute estreinako kontzertua, otsailaren 22an, arratsaldeko 18:00etan, Eliza Zaharrean.
Txiskeroak herriko talde gazteak ere parte hartuko du emanaldi horretan. Berriki, Odolaren Mintzoa taldekoen agurreko jaialdian entzun ahal izan genituen. Kontzertuotarako sarrerak aurrez eskuratu ahalko dira 2 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.