Euskarazko kazetaritza zein komunikazioa goraipaturiko sei sari banatu dituzte. Segidan dituzue zerrendatuak:
-Ikus-entzunezko saria: EITB Kultura telebista saioa, euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik.
-Prentsako saria: Irutxuloko Hitza, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik.
-Entzunezko saria: BaDA!bil, Durangoko Azokan kulturaz egindako podcasta.
-Interneteko saria: Oroibidea, Nafarroako oroimen historikoa berreskuratzeko bilatzailea.
-Kanpaina onenaren saria: Altxa Burua ekimena, seme-alabek mugikorra gutxiago erabiltzeko abiaturiko borrokagatik.
-Merezimenduzko saria: Ene Kantak, gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik.
Altxa Burua
Herrikiderik izan da sarituen artean. Izan ere, kanpaina onenaren Argia Saria Altxa Burua ekimenak jaso du. Dakizuenez, pantailen erabilera egokia sustatu nahi du herriz herriz hedatua den mugimenduak. Usurbilen ere taldea badu. Ekainean Gipuzkoa mailako bilguneen topaketa egin zuten Udarregi ikastolan. Usurbilgo taldeko ordezkarietako batek jaso du gaur Argia Saria.
Berak eta gainerako sarituek "ARGIAren aitortzarekin batera, Antton Mendizabal eskultoreak egindako garaikurra" jaso dute azken aldiz. Izan ere, "Mendizabalen eskulturak 1991tik banatzen dira eta aurtengoak izango dira donostiarrak egindako azkenak, lantegi honetatik erretiroa hartzea erabaki baitu".
Aurreko 35 edizioen berri
Aipatu moduan, hiru egun barru jakinaraziko dituzte nortzuk diren sarituak. "Egunean bertan, argia.eus-en jakin ahal izango duzue zeinek eraman dituzten sariak eta zein diren saritzeko gure arrazoiak. Gainera, ekitaldiaren kronika, ARGIAko lantaldearen mezua eta beste hainbat informazio ere topatuko duzue", iragarri dute.
Girotzen hasteko, aurreko edizioak gogora ekartzeko aukera dugula ohartarazi du Argiak. Izan ere, "kuriositatez atzera jo nahi lukeenak ere badu aukera, webgune berezi batean azken 35 edizioetako saridunak eta haien argazkiak bildu baititugu".