Ainara Azpiazu Adurizena, Donostiako kaldereroen jaietako kartela

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 31a, 18:13

Asteburuotan Gipuzkoako hiriburuan ospatuko dituzten neguko jaien kartela sortu du Ainara Azpiazu Adurizek.

Hurrengo hiru asteburuetan kaldereroek girotuko dituzte Donostiako kaleak. Gaur aurkeztu dute neguko ospakizunen ziklo hau Gipuzkoako hiriburuko udaletxean. Albiste honi atxikitako irudian, Ainara Azpiazu Aduriz ageri da, NOAUA! Kultur Elkartearentzat azken hiru urteotan Andatza inguruan bizi den animalia kuadrillari buruzko ipuin trilogia sortu duena.

Bera da hain zuzen, Donostiako kaldereroen festa iragarriko duen kartelaren egilea. "Kartel honetan, kaldereroen metal hotsa ikusgarri egin nahi izan du, zalaparta maila bisualera ekarri, festa giro eta alaitasunarekin batera. Horretarako, ibilean doazen kalderero koadrila irudikatu du kartelean, zaratarekin batera alaitasuna zabaltzen doana. Fondo ilunaren gainean kolorez betetako irudia egin du, gauak kaldereroetan duen protagonismoa aldarrikatzeko eta kontrastedun irudi bat sortzeko. Tipografiarekin ere jolastu du, euskal tipografian oinarrituz. Alaitasuna, jolasa eta gaua dira kartelaren protagonista. Teknika aldetik, monotipia eta teknika digitalak nahastuta sortutako irudia da", berri eman du Donostiako Udalak.

Donostiako jaien iruditeria sortzen
Azkenaldian, hiriburuko ospakizun nagusiak iragartzeko kartela sortzeko deialdia egitea erabaki du bertako udalak. Gertuko sortzaileek eginiko dira haietako bat baino gehiago; Euskal Jaiena eta ospatu berri duten San Sebastian Egunarena Joseba Larratxe herrikidearenak dira.

Oraingo hau, "Axpik" sortu du. Kaldereroen ospakizunak aurkezteko antolatzaileen agerraldian parte hartu du Azpiazuk. Sorkuntza alor ezberdinak zaintzeko hiriburuko udala egiten ari den apustua eskertu du; tartean, "irudian ere arreta jartzea eta bertako sortzaileak hautatzea halako lanak egitea. Niretzat oso berri pozgarria da eta uste dut badagoela nahikoa kalitate hemen inguruan, irudi hauei bizitza emateko eta gaurkotzeko".

Bere sorterria Hernani izanik eta han ere jai hau ospatzen dela jakinik, "bada jai bat gertutik bizi izan dudana, poza eta alaitasuna transmititzen didana". Horregatik, segidan duzuen bere kartelera "gehienbat, zarata, musika eta gau giro hori ekartzen" ahalegindu da. "Horregatik, gau giro horren fondo beltz baten gainean sartu ditut kolore biziak eta hiru pertsonaia nagusien atzean, karrozan doazen batetik bestera dabiltzan kalderero batzuk zarata egiten, kolore beroen bidez, gehienbat hotsa egiten duten kaldereria hori islatuz" .

Iaz, aurreko mendeko Donostiako ospakizunen iruditeriari lotuta San Telmo Museoan eginiko erakusketa inspirazio iturri izan duela aipatu du.