Urtarrilaren 11n Bilbon eginiko manifestazioaren osteko elkarretaratzea izan da. Gogoan izan, milaka lagun batu zituen Bizkaiko hiriburuan "Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza" aldarripean eginiko mobilizazioan; tartean, Usurbildik joandakoak. Hitzordu huraxe gogora ekarri dute bart, frontoi atzean bildutakoek. "Bilboko kaleak betez hasi genuen urtea, aurrez 2024ari herrialdeetako mobilizazioekin zein auzo eta herrietan egindako mobilizazioekin urteari amaiera eman geniolarik. Urtearen amaieran, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean aurrerapauso handiak eman genituen urtea izan zela esan genuen 2024a. Halere, urte berriari bide berean sakondu eta behin betiko gatazkaren ondorioen konponbidea bururaino gauza zedin eskatzen geniola aipatu genuen".
Aldarri bera eraman zuen Sarek Bilboko manifestaziora. "Milaka eta milaka euskal herritarrek Bilboko kaleak bete genituen, behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza eskatzeko, behin betiko biolentzia ezberdinen biktimek merezi duten egia eta aitortza jaso dezaten eskatzeko, behin betiko euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten eskatzeko. Finean, urteetan zehar euskal gizartea kolpatu zuen gatazkaren ondorioak behin betiko amai daitezen eskatzeko".
"Behin betiko etxera" aldarria abestuz plazaratu dute baita urte luzez, Euskal Herriko hainbat txokotan. "Mila esker, nola ez, horrenbeste urteetan euskal presoen etxeratzea doinuz arindu duzuenoi, horrenbeste urteetan isilpeko lanean aritu zaretenoi".
"Salbuespen legeak amaitzearen alde lanean jarrai dezatela"
Azken hilabeteotan sustaturiko dinamikako aldarri nagusia gogoa ekarriz, Sarek adierazi du, "behin betiko konponbidearen alde lanean jarraituko dugula, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde jarraituko dugula lanean eta hori eskatzen diogu euskal gizarteari ere, hori eskatzen diegu sindikatuei, alderdiei, eragile sozial eta politikoei. Baita estamentu politiko eta judizialei ere, salbuespen legeak amaitzearen alde lanean jarrai dezatela eskatzen diegu eta salbuespena amaitzeko eman diren lege aldaketak aplikatzen has daitezela eskatzen diegu".
Otsailaren 28an 20:00etan Mikel Laboa plazan izango da Sarek deitutako hurrengo elkarretaratzea.