Irudiotan ikus dezakezuen moduan amaitu zuen Orbeldi dantza taldeak NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia abiatzeko otsailaren lehenean Sutegin eskainitako "Iparrera Begira" emanaldia. Ipar Euskal Herriko dantza jaialdietan ohikoa duten moduan amaitu nahi izan zuten saioa; kultur-etxeko auditorioan bildutakoekin dantzan, Salbatore Arrutiren txistu soinuen erritmora. Gutxitan ikusi dugun bukaera izan zuen Sutegi barruko saioak, ondoko irudiek agerian utzi moduan.
Beste bi hitzordu
Kultur-etxe ataria dantzarako hartu zuten otsailaren lehenean, eta horretara, plazara dantzara joateko gonbita egiteko baliatu zuten unea. Izan ere, datozen hilabeteotarako beste bi hitzordu iragarri dituzte. Hasteko, negu parteko ospakizunetan azkena izango den Inauteri Festan murgilduko digu aurtengoan ere Orbeldi dantza taldeak, Urderen etorrerarekin. Otsailaren 28an izango da. Bertako, tokiko inauteri ereduaren aldeko apustuan sakontzeko asmoa dago ekimen honekin.
Bestalde, udaberri betean helduko da 13. Dantza Eguna. Eguna bera finkatua du Orbeldik, apirilaren 5ean izango da, larunbata. Dantzan plazaratzeko hainbat ekimen antolatuko dituzte.
Deialdi hauei buruzko xehetasun gehiago, datozen asteotan eskainiko dituzte Orbeldiko kideek.
Orbeldiren hurrengo deialdiak
Otsailak 28, ostirala
Inauteri Festaren baitan, Urderen etorrera.
Apirilak 5, larunbata
13. Dantza Eguna.
Antolatzailea: Orbeldi Usurbilgo Dantza Taldea.