Milaka lagun, osasungintza publiko duinaren aldeko manifestazioan

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 3a, 09:07

Jendetza batu zuten otsailaren lehenean, osasun sistema publikoa defendatzeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek hainbat eragile sozial edota sindikalekin batera Osakidetzaren lurraldeko, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan eginiko manifestazioek. Usurbildik gertuen, milaka lagun aterarazi zituen deialdiak larunbat arratsaldean Donostiako kaleetara.

Arratsaldeko 17:00etan Bulebarretik abiaturiko mobilizazioak bidean manifestari gehiago erakarri zituen. Argigarria izan zen, hiriburu erdiguneko kaleak zeharkatu ahala eta batez ere hitzorduak abiapuntu izandako helmuga berean jazotakoak. Amaiera ekitaldia hasteko denbora itxaron behar izan zuten, Bulebarrera bidean zirenak hel zitezen.

Manifestazioko lehen metroetan, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen pankartak, antolatuak diren talde hauetako guztietako kideak ziren antzeko leloekin. Pankarta nagusiak "Osasungintza publikoaren alde! Promesarik ez" zioen. Berehalako irtenbideak exijitu zituen, hitzetatik ekintzera igarotzea.

Haren atzetik, Donostialdea, Tolosaldea edota SOS larrialdi deia egin eta haien zerbitzua hobetzea, azpiegiturak handitzeko eskaera biltzen zituen Bidasoa eskualdeetako plataformetakoak ziren, baita hainbat udalerrietan osaturiko bilguneetako ordezkariak ere. Tartean ziren, Zumaiakoak edota Etengabeko Arreta Gunea astean zazpi egunez eta 24 orduz irekia eskatzea exijitzen zuten Zumarragakoak edota Usurbildik gertu, haien pankartaren bidez "gure medikuak non daude?" galdetzen zuten Lasarte-Oriako plataformako kideak edota osasungintza publikoaren alde diharduen Olatu Txuria herri ekimenekoak.

Plataforma hauek guztiek, gainera, bidelagun izan zituzten atxikimendua adierazitako beste hainbat eragile; tartean ziren, pentsiodunen mugimendua, mugimendu feminista, auzo nahiz herrietako beste hainbat elkarte eta hiriburuko kaleak betetako milaka herritar.

Sistema beraren askotariko murrizketak
Gipuzkoako eskualde edota udalerrietan dituzten tokian tokiko askotariko traba, murrizketa, gabeziak jarri zituzten agerian, haiek konpontzea eskatzearekin batera. Baina denen artean mosaiko argia osatu zuten; osasungintza publikoa babestu, defendatu eta hobetu beharra.

Horregatik, etengabekoak izan ziren manifestazioan zehar entzundako murrizketen aurkako oihuak edota osasungintza publikoa defendatzeko aldarriak.