Neguko ospakizun ziklo betean sartu ginen urte amaierako gabonekin. Inauteriak ospatuko ditugu otsaila agurtu eta martxoa estreinatzeko. Aurretik, ordea, izango da bestelako tradizio luzeko ohitura berritzeko aukerarik. Izan ere, otsailaren 5a Santa Ageda eguna izango da eta haren bezpera, makilen kolpe hotsez abestuz lurra esnatzen hastekoa.
Aurten ere, geure inguruan hainbat hitzordu dira. Segidan dituzue, orain arte bildu ahal izan ditugun hitzorduon xehetasunak, ondoko egitarauan.
"Goazen kalera, Usurbil" dinamikarekin
Ospakizunotan murgiltzen lehenak Aginagako eskolakoak izango dira. Aldaketarik ez bada, bidelagun gehiagorekin egingo dute kalejira. Izan ere, egun horretan itzuliko da asteotako etenaldiaren ondotik, "goazen kalera, Usurbil" dinamika, astearteroko ibilaldi osasuntsuen ekimena. Gogoan izan, aurrez izena eman beharrik izan gabe, doan parte hartu daiteke hilaren 4an hasi eta maiatza amaierara arte, asteartero Usurbilgo herri eta auzoetan txandakatuz egingo diren paseo hauetan.
"Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak”, antolatzaileen esanetan. Tokian tokiko jubilatu elkarteak, ibiltariak eta ikastetxeko gaztetxoak batzen dituzte ibilaldiok.
Ekimen honen aurtengo lehen txangoa, Aginagan egingo dute bertako eskolakoekin batera otsailaren 4an.
Udarregi eta Kantu Taldea
Haiek irten eta gutxira aterako dira kalejiran Udarregi ikastolako DBH-koak. Goiz partean herrian barrena egindako bira Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunean amaitu asmo dute, bertan egingo duten kantaldiarekin. Haien lekukoa hartuko dute bazkalostean, HH eta LH-ko ziklokoek. Herrian eginiko kalejiren ondotik, amaiera bateratua eskainiko dute frontoian.
Santa Ageda bezperako ospakizunak Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak borobilduko ditu. Izan ere, kantu-jira berezia antolatu du otsailaren 4rako. Baserritar jantziekin, makilak eskuartean lurrari deiadarka Egurtzegin hasiko dira, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunean. Handik gero, kalejiran abiatuko dira herri erdigunerantz.
Santa Ageda bezperako deialdiak
Otsailak 4, asteartea
Aginagako eskola
10:30 Aginagako eskolakoen eta "goazen kalera, Usurbil" dinamikako parte hartzaileen kalejira eskola aurreko plazatik.
Udarregi ikastola
11:00 DBHkoen bira herrian barrena Egurtzegiraino. Bertan amaituko dute kalejira.
15:00 LH-koen bira herrian barrena.
16:00 LH eta HH-koen emanaldi bateratua frontoian.
Kantu Taldea
18:00 Kantu-jira Egurtzegitik abiatuta.
(Entsegu saioak astelehenetan, 18:00-19:00 artean Agerialdeko musika gelan).