NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

"Itzal(iko) bagina" bertsoa, itzalak eta kritika elkarbanatzeko

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 3a, 10:04

Kulturaldiaren aste honetako egitaraua amaitu da "Itzal(iko) bagina" ikuskizunarekin. Bertsoa eta itzalen jokua nahastu dituzte hiru bertsolari-aktoreek. Gizarteko arazoen kritika sakona osatu dute dozenaka herritarren aurrean.

Bertsoa oinarritzat hartutako antzerki ikuskizuna ikusi dugu "Itzal(iko) bagina" lanarekin. Hiru pertsona(i) bertso munduko zein haien barne munduko bakardadetik kolektibora eraman asmo ditu antzezlanak, eta hori irudikatzeko  itzalen jokoa erakutsi dute. Horrekin, egungo sistema indibidualistari kritika egin diote. Bertsoa tresna komunikatibotzat hartuta, Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarain aktoreek auzi sozialak izan dituzte hizpide: generoa, osasun mentala, familia nuklearra, meritokrazia... 

Ordubeteko saioa biribildu dute Sutegiko oholtzan eta txalo zaparradarekin amaitu da saioa.