Gutako bakoitzaren sormenerako gaitasuna idatziz adierazteko aukera izango dugu aurten ere, 3. Etumeta Literatura Lehiaketari esker. Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegiak antolaturiko ekimenean parte hartzeko aukera izango duzue gaurtik, otsailaren 3tik aurrera. Astelehen honetatik apirilaren 11ra arte aurkeztu ahalko dituzue txapelketa honetara zuen sorkuntza lanak.
Besteak beste, 18 urte beteak izan beharko dira ekimen honetan parte hartzeko, Usurbilen egon beharko da erroldatua, edota bestela, Etumeta AEK euskaltegian bertan matrikulatua.
Segidan duzue, Etumeta AEK euskaltegitik helarazitako txapelketako oinarrien berri:
Arau orokorrak:
-Ez da inolako pertsona zein kolektiboren aurkako eduki iraingarririk onartuko. Baldintza guztiak onartzea dakar parte hartzeak berak, lehen hau barne.
-Parte hartu ahal izateko beharrezkoa da 18 urte beteak izatea lana bidaltzeko unean, eta Usurbilen erroldatua egotea edota Etumeta AEK euskaltegian matrikulatua.
Lanak:
-Ipuin laburrak izango dira, 650 hitz, gehienez.
-Times New Roman letran idatziak, 12 neurrian, espazio bikoitzarekin.
-Gai librean idatziko dira.
-Lanak aurrez argitaratu gabeak izango dira, baita lehiaketa batera bidali gabeak ere.
-Euskaraz idatziak behar dute. Tokian tokiko hizkera ere erabili ahal izango da.
Lanen aurkezpena:
Bi dokumentu bidaliko dira usurbil@aek.eus helbidera:
- dokumentua: Ipuina bera, marka identifikagarririk gabe, PDF formatuan. Artxiboaren izena ipuinaren izenburua bera izango da: “IZENBURUA.PDF”.
- dokumentua: Parte hartzailearen datuak, hau da, izena, bi abizenak, jaiotze data, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa, PDF formatuan. Artxiboaren izena ipuinaren izenburuarekin berarekin identifikatuko da: “IZENBURUA.DATUAK.PDF”.
-Etumeta AEK arduratuko da epaimahaikideei lanak bidaltzeaz, identifika ez ditzaten, baita, epaia ebatzi ondoren, hura bere egilearen datuekin lotzeaz ere.
Epeak
-Lanak bidaltzeko: otsailaren 3tik apirilaren 11ra arte, biak barne.
-Sari banaketan egingo da irabazlea publiko, irabazleari emailez jakinaraziko zaio aurretiaz.
-Sari banaketa ekainaren 4an egingo da.
Epaimahaia
-Epaimahaikideak hiru izango dira, eta Etumeta AEK-k aukeratuko ditu. Haien erabakia aldaezina izango da.
-Irabazle bakarra egongo da, eta gehienez ere bi aipamen; bakoitzari diru saria eta oroigarria emango zaizkio. Epaimahaiak sariren bat eman gabe utzi dezake, merezitako lanik ez dagoela erabakiko balu.
Sariak
-Txapelduna: 150€ko baliodun saskia, Hurbilagoren eskutik
-Aipamena: 70€ko baliodun saskia, Hurbilagoren eskutik
Parte hartzaile guztiak gonbidatuta egongo dira sari banaketara, eta oroigarri bana emango zaie.
Argitaratzea
Parte hartzaileek onartzen dute euren lanak argitaratu ahal izatea NOAUA! aldizkarian eta Etumeta AEKren sare sozialetan.