Gipuzkoako hiriburuko mobilizazio amaierako ekitaldia Bulebarrean egin zuten, eskaera argi baten bueltan. Izan ere, hasieratik "promesa gutxiago eta baliabide gehiago" galdegin zituzten horiek lortzeko "gure osasun publikoa defendatzeko lanean eta mobilizatzen" jarraituko zutela iragartzearekin batera.
Aurrean zituzten parte hartzaile guztiak eskertzeaz gain, gogorarazi zieten, beste behin manifestatu behar izan zirela, "gure osasun eskubidea aldarrikatzeko. Osasuna oinarrizko eskubide bat da eta soilik osasun sistema publiko, sendo, unibertsal, doako eta kalitatezko baten bidez bermatu daiteke".
Egun bermatu ezin dena, salatu zutenez. Izan ere, askotarikoak dira egungo osasun sistema publikoak dituen gabeziak eta azken urteotan aplikatutako murrizketak. Besteak beste, honakoak aipatu zituzten: "lehen malako arretan murrizketak eta azpifinantzazioa, langile falta, lan-kargak eta prekarietatea, medikurik gabeko osasun zentroak, beste udalerri batzuetara joan behar izatea artatuak izateko, larrialdiak kolapsatuak egotea eta pazienteak korridoreetan artatzea...". Aipatu moduan, askotariko gabeziak baina denak "osasun publikoaren desmantelamendu eta pribatizazio estrategia orokortu baten parte dira, aseguru eta klinika pribatuen mesedetan, zerbitzu publikoaren kalitatea hondatzen duena", salatu zuten.
"Nola da posible profesional gutxiagorekin itxaron zerrendak murriztea?"
Eta okertze bide horretan segitzen du osasun sistema publikoak, nahiz bestelako mezuak zabaltzen ari diren agintariak. Hain zuzen, errealitatea desitxuratzea egotzi zioten Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuari. "Alberto Martinez osasun sailburua, bere aurrekoek egin zuten modu berean, marketing kanpaina intentsiboa garatzen ari da, errealitatea manipulatzen duten datuak eskainiz, herritarrak nahastu eta desmobilizatzeko helburuarekiin. Duela hilabete gutxi batzuk, mediku profesional faltaren aitzakiarekin, itxaron zerrendak ez zirela pandemia aurreko zifretara iritsiko adierazi zuen; 2028. urtera arte arazoa handitu egingo zela eta 2035 arte ez zela berreskuratuko. Orain, ordea, familia medikuntzan eta arreta espezializatuan nabarmen murriztu dituela dio, bere baieztapenak sostengatzen dituzten datu zehatzik eman gabe. Nola da posible profesional gutxiagorekin itxaron zerrendak murriztea?", galdetu zuten mobilizazioko deitzaileek.
Agintariek adierazitakoa ez, oso bestelakoa da, aldiz, osasungintza publikoaren egungo egoera. "Oraindik ere urrun gaude pandemia aurreko zifretatik: arreta espezializatuan 19 hilabete baino gehiagoko itxaron zerrendak, famila medikuntzan aste oso bat" daudela salatu zuten.
Artatuak izan behar dutenei soilik ez, profesionalei ere eragiten die egoera honek. Osasungintza publikoan lanean dihardutenen prekarizazioa eta baja kopuruen handitzea ere salatu zuten, "arretaren kalitatea eta osasun sistemaren egoera orokorra okertuz". Horregatik, osasun sailburuari zuzenduta, adierazi zioten, "ez egin tranparik, eman datu errealak eta batez ere, gardentasun ariketa bat eginez itxaron zerrenden kontrol publikoa ahalbidetu, gaur egun kudeatzaileen nahieran manipulatuak daude eta".
"Ez dituzte arazo estrukturalak identifikatzen"
Osasun sistema pribatua ere ahotan hartu zuten. "Klinika pribatuetara eginiko desbideratzea %65ean murriztu duela dio, berriro ere hori frogatzen duten daturik eman gabe. Hori egia izango balitz, murrizketa hori aurrekontuetan islatu beharko litzateke. Baina ez, 2024ko eta 2025eko aurrekontuetan klinika pribatuetara bideratutako partidak handitu egin dira. Beste behin, diru publikoaren ehunka milioi enpresa pribatuetara joango dira eta ez, ez da kasualitatea. Osasun saileko eta Osakidetzako goi kargudunak bertan kokatzen baitira. Ate birakarietan ez, hor ez dago murrizketarik".
Testuinguru honetan, osasun sistema publikoaren okertze bide honen erroetara ez dela jotzen gogorarazi zuten. "Ez Euskal Osasun Itunak, ez marketing estrategia gisa ateratako neurri eta iragarkiek, ez dituzte krisi honetara eraman gaituzten arrazoiak jorratzen, ez dituzte arazo estrukturalak identifikatzen. Ke burbuilak besterik ez dira, aspalditik datorren pribatizazio ibilbidea ezkutatzeko. Gotzone Sagardui aurreko sailburuak, hilabete gutxi batzuen ondoren klinika pribatu bateko zuzendari mediku bihurtu denak, hark iragarritako planak bere horretan jarraitzen du", nabarmendu zuten.
Eredu aldaketa eske
Egoera honetan, "inoiz baino beharrezkoagoa da presio soziala mantentzea eta erantzule politiko, sindikal eta sozialei beharrezkoak diren aldaketa estrukturalei ekin diezaioten eskatzea, ipuin eta aldaketa estetikoak alde batera utziz".
Plataformetatik hainbat eskaera plazaratu zituzten beste behin, "benetako konponbideak"; hasteko, pribatizazio bide hau etetea eta hobeto inbertitzea, lehen mailako arreta lehenestea. "Eredu aldaketa bat ere eskatzen dugu, prebentziora eta osasunaren sustapenera bideratua. Exijitzen dugu ere lehen mailako arreta sendoa, gertukoa eta jarraitua, aurrez aurreko kontsultekin, gomendatutako kupoekin eta kalitatezko arreta bermatzeko nahikoa denbora duten kontsultekin. Itxaron zerrendak murriztea exijitzen dugu baina esparru publikoaren baitan; hau da, aparteko ordutegietara eta osasun pribatuaren negoziora euro bakar bat ere bideratu gabe eta plantilla nahikoa egonkorra eta ez prekarizatua bermatuz".
Adi egoteko galdegin zieten esker ona adierazi zieten bidelagunei. "Bukatzeko eskerrak eman nahi dizkiegu, osasun publikoaren defentsan lanean dauden plataforma eta herritari guztiei, gizarte erakundeei, sindikatuei, auzo elkarteei, mugimendu feministari eta pentsiodunen mugimenduari eta manifestazio hauek babestu dituzten elkarte, kolektibo eta herritar guztiei ere. Aupa zuek!".