NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

Kulturaldiko ekitaldi bakarrerako sarrerak salgai, gainerakoetarako agortuak

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 3a, 10:29

Orbeldikoen "Iparrera Begira" eta "Itzal(iko) bagina" ikuskizunarekin ekin diogu NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiari asteburuan. Datorrenean borobilduko dugu, lerrootan nabarmenduak dituzuen beste hiru ekitaldiokin; Alex Telloren "Animo" izeneko estreinako luzemetraiarekin, Itoiz talde mitikoari buruzko dokumentalarekin eta "Miñan" antzezlanarekin. Dokumentalerako eskura ditzakezue sarrerak soilik, gainerako ekitaldietakoak agortu dira jada.

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

Otsailak 7, ostirala
19:00
Alex Telloren "Animo" lehen film luzearen estreinaldia Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "ANIMO 2017an Alex Tellok “Azken muxua” laburrarekin hasi zuen film luzea da. Telmo Iruretaren interpretazioak inklusioari beste buelta bat ematen dio bertan. Familia, homosexualitatea eta eguneroko hainbat egoera ikuslearentzako identifikagarriak gertatuko dira".
Sinopsia: "Aitor etsirik eta Leire kezkaturik. Mirenek ez du loturarik. Itxasok badu kanta berririk, aldiz, Amets dabil isilik. Hemen inork ez du barre egiteko motiborik. Bizitzaren aurrean, ihesbideak baino, aukeran hobe heldulekuak izatea".
Sarrera: agortuak.
 

Otsailak 8, larunbata
19:00
"Itoiz udako sesioak" dokumentalaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Sinopsia: "Juan Carlos Perez gogoeta sakon batean murgilduko da argitaratu gabeko zinta bilduma baten aurkikuntzaren ondorioz. Alde batera utzi nahi izan ditu taldeak momenturik gorenean pop estilora eman zuen aldaketa, eta ostean desegin izana. ITOIZ musika taldearen lider izandakoak bidaia katartiko bat hasiko du, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona; taldeak 70. hamarkada hasieran Rock progresiboan murgilduta igarotako urteak bergogoratuko ditu bertan. Filma CANNES DOCS Marché Du Film 2023an parte hartu zuen".
Sarrerak: sarrerak aurrez eskuratu ahalko dituzue sei eurotan usurbilkultura.eus plataforman edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan. NOAUA! K.E.-ren bazkideek 4 eurotan erosi ahalko dituzte kultur elkarteko egoitzan soilik.

 
Otsailak 9, igandea
18:00
"Miñan” antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da antzezlan hau, hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa, eta Artedramak antzerkira egokitua".

Egileak: Ibrahima Balde eta Amets Arzallus.
Zuzendaria: Ander Lipus.
Aktoreak: Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
Sarrerak: agortuak.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.