Gutxiagotan begiztatzen dugun Euskal Herriko eremu bat Usurbilgo herri bizitzaren erdigunera ekarri nahi izan du oraingoan Orbeldik. "Iparrera Begira" jarri gintuen, otsailaren lehenean Sutegin eskainitako emanaldiarekin. Sarritan ahazten dugun Ipar Euskal Herriko dantzak eta "hauekin jolasteko gaitasuna" oholtzaratu zuten goraino betetako kultur-etxeko auditorioan. Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoako dantzak ekarri zizkiguten, "bolantetatik kontradantzetara, jauzietatik makil jokoetara".
Eskertzak
Dantzarako gogoz oholtzaratu ziren Orbeldiko kideak, baina berezia izan zen emanaldia bera, uneoro kide baten hutsunea sumatzen ari zirelako. Horregatik, "gaurko saioa Axierrentzat" eskainia izan zela nabarmendu eta txalo zuten Sutegira joandakoek. "Espero dugu azkar izango dugula gurekin bueltan", desio izan zuten.
Falta zuten kide bat oroitzearekin batera, eskerrak helarazteko baliatu zuten emanaldia. "Asko dugu eskertzeko", jakinarazi zuten Orbeldikoek emanaldi amaieran. Antolatzaileei, NOAUA! Kultur Elkarteari eskertu nahi izan zien, "beste urte batez, gugan konfiantza jarri eta Kulturaldiari hasiera emateko aukerarengatik" eta taldeari eginiko jarraipen komunikatiboagatik.
Bereziki jostunen taldea txalotu zuten baita. "Zenbat lan dagoen honen atzean. Berdindu noiz esan, beti salbatzen digute. Hain elegante haiei esker ateratzen gara". Haiez gain, Andoni Arzallus herrikidearen ekarpena ere nabarmendu nahi izan zuen Orbeldik. Izan ere, "Iparrera Begira" emanaldiko "makil jokoetan erabilitako makilak berak egindakoak dira. Makilen detailetxoak Orbeldirentzat propio sortuak izan dira".