Otsailaren 15ean egingo da tailerra, "Zumarte ezagutu, instrumentuak sortu" izenburupean. Eskulanari ekin aurretik, bisita gidatu bat egingo dute, Zumarte Musika Eskolaren egoitzaren eskaintzaren berri emateko, eta egoitza barrutik deskubritu ahal izateko.
"Oraingo honetan, Zumarte Musika Eskolak gonbidapena luzatzen die herritarrei beren instalazioak bisitatzeko eta egun horretarako bereziki antolatutako jardueretan parte hartzeko", ohar bidez jakinarazi dutenez. "Programari hasiera emateko, bisita gidatu bat egingo dugu Zumarteko eraikinean barrena".
Bisita horretan, instalazioei buruzko informazioa emango da eta "Zumarteko espazio guztiak bisitatuko dira".
Irakasleek ere hartuko dute parte bisita gidatuan
Otsailaren 15eko bisitan, eskolako irakasleak ikasgeletan izango dira, "eta Zumarten irakasten diren musika-tresnak aurkeztuko dituzte. Bertaratzen direnek ere aukera izango dute instrumentuak giro hurbil eta parte-hartzailean probatzeko".
Marakak, flauta bat edo korneta bat eraikitzeko aukera
Bisita gidatuaren ondoren hasiko da tailerra. "Gaztetxoei esperientzia berezi bat eskaintzeko helburuarekin, adin talde ezberdinei egokitutako instrumentuak sortzeko tailerrak prestatu ditugu".
Ildo horretan, hiru jarduera antolatuko dira: 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzako marakak sortzea, 8 eta 10 urte bitartekoentzat flauta bat egitea eta 11 eta 12 urte bitartekoentzat korneta bat egitea".
Tailer bakoitzean gehienez ere 10 lagunek eman ahal izango dute izena. Eta horretarako ezinbestekoa izango da inskripzioa aldez aurretik osatzea.
Jardunaldi honek bertaratutakoen artean sormena eta musikarekiko interesa sustatzea du helburu, "baita eskolaren eta komunitatearen arteko loturak sendotzea ere".
Izen-ematea
Izen emateko epea otsailaren 9an amaituko da. Horretarako, mezu bat bidali behar da bulegoa@zumarte.eus helbidera. Bertan zehaztu behar dira partehartzailearen izen-abizenak eta adina.