650 Usurbil Bizi

Gerraren memoriaz eta kaleetako kultur sorkuntzaz, datozen bisita gidatuak

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 4a, 09:41

Gerraren Memoria Ibilbidea osatzeko aukera izango da larunbatean, otsailaren 8an, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eskutik. Biharamunean, Usurbil Museo Irekia bisita gidatua programatu dute.

Apirilera arteko bisita gidatuen plangintza plazaratua du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Hurrengoa larunbat honetarako, otsailaren 8rako; Gerraren Memoria Ibilbidea. 1936ko gerrak Usurbilen izandako eragina, garaiko testuingurua, xehetasunak azaltzen dituen bisita duzue honakoa.

Biharamunean, hilaren 9an, Usurbilgo kaleetako kultur sorkuntza ezagutzeko aukera eskainiko du Usurbil Museo Irekia bisita gidatuak.

Eskaintza zabalagoa
Gainerakoan, eskaintza indartu eta berritzea erabaki dute, urte amaieran iragarri zuten moduan. Usurbilgo kaleetako kultur sorkuntza ezagutzea ahalbidetzen digun Usurbil Museo Irekia bisita gidatua abian jarri zutenetik, ibilbide berriak sortu dituzte, bestelako turismo eredua sustatzen ari den 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik. Hala, herri hau aitzindari egin duen hondakinen kudeaketa ereduari lotutako bisita gidatua sortu zuten, baita bestelako zaintza ekosistema bat eraikitzeko herri hau jorratzen ari den bidea erakusten duena ezagutaraztekoa ere.

Salbatore elizako ondarea, tartean organoa bera bisita gidatu bidez ikustea ahalbidetzen duena ere martxan da. Andatzan memoriari eskainitako ibilbidea egiteko eskaintza egin ostean, udazken honetatik herrian bertan ere 1936ko gerrak utzitako arrastoa ezagutu dezakezue noiznahi baita tarteka ere antolatzen ari diren bisita gidatuen bidez.

Sagardoaren kulturari buruzkoa
Estreinatu berri dugun 2025. urte honetan ere bisita gidatu guztiok antolatzen segiko du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak, baina eskaintza hau are gehiago indartu eta berrituko dute. Dagoeneko 650usurbilbizi.eus atarian iragartzen ari diren moduan, Usurbilgo sagardo kultura ezagutzeko bisita gidatua antolatzen hasiko dira otsaila amaieran. "Bisita gidatu honetan, sagardoaren historia eta edari honen ingurukoak (sagastiak, sagarrak,…) azalduko ditugu. Sagastietan barrena ibiltzen garen bitartean Usurbilgo sagardo kultura ezagutuko dugu. Geldialdi berezia izango dugu, gainera; Egiluze baserriko tolarea ikusiko dugu. Bisitaren bukaeran sagardoa dastatuko dugu", azaldu dute webgune bidez.

Hiru ordu inguruko ibilaldia izango da, "menditik barrena, 5 kilometro egingo ditugu guztira".

Hemen, apirilera bitarte, 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik iragarritako txangoen berri:

650 Usurbil Bizi, bisita gidatuak
Otsailak 8, larunbata
11:00-12:15 Gerraren Memoria Ibilbidea, bisita gidatua.

Otsailak 9, igandea
11:00-12:15 Museo Irekia bisita gidatua (erdaraz).

Otsailak 22, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua eta organo erakustaldia.

Otsailak 23, igandea
10:00-13:00 Usurbilgo Sagardo Kulturari buruzko bisita gidatua.

Otsailak 26, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Otsailak 28, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Martxoak 22, larunbata
11:00-12:15 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Martxoak 23, igandea
10:00-13:00 Usurbilgo Sagardo Kultura ezagutzeko bisita gidatua.

Martxoak 26, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Martxoak 28, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Apirilak 5, larunbata
11:00-12:15 Museo irekia bisita gidatua.

Apirilak 18, ostirala
11:00-12:15 Museo irekia bisita gidatua (erdaraz).

Apirilak 19, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua eta organo erakustaldia (erdaraz).

Apirilak 25, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Apirilak 30, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.


Informazio gehiago eta izen-ematea: 650usurbilbizi.eus