Lurra esna zedin kolpeka, deiadarka aritu dira belaunaldi gazteenak goizetik arratsaldera Santa Ageda bezpera egun honetan. Iluntzean, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideek hartu dute lekukoa. Gaur goizean, Udarregiko DBH ziklokoek egin moduan, Egurtzegi hautatu dute aipatu bilguneko kideek, iaz bezala, kalejirari ekiteko.
Koplatan eta bertsotan ere aritu dira. Izan ere, bi bertsolari herrikide izan dituzte bidelagun Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berritik hasi eta Mikel Laboa plazara arteko kalejiran; Uxue Fernandez Lasa eta Aitor Agirre Zapirain. Egurtzegin bertan, Artzabalen edota Bordatxo parean eginiko geldialdietan aritu dira maisuki bertsotan.
Bira berezia
Adi, Kantu Taldetik iragarritako hurrengo deialdi hauei. Urtarrilaz geroztik abian duten ikastaroko saioekin segiko dute astelehenero, baita hileroko kantu-jirekin ere. Gaurko otsaileko lehen bira izan da, baina ez azkena, hileroko azken larunbateko ohiko hitzordua ere izango baita oraingoan ere. Baina ez larunbatean, otsaileko kantu-jira igandez egingo dute eta ez bakarrik, Bizkaitik bisitan datozen bi kantu taldeekin batera egingo dute jira herri erdigunean barrena.
Kantu Taldearen hurrengo deialdiak
Astelehenero...
18:00-19:00 Ikastaroko saioak Agerialdeko musika gelan.
Otsailak 23, igandea
12:00 Kantu-jira berezia Mikel Laboa plazatik, Sopela Kantari eta Kilometrokantu Basauri kantu taldeekin batera.
Oharra: ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.