Euskararen aurkako oldarraldia

"Eutsi egingo diogu hizkuntza eskakizun horiei"

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 5a, 13:24

Usurbilgo zein Astigarragako udalek UEMA-rekin batera, agerraldia egin dute asteazken honetan Potxoenean, aipatu bi udalek udaltzainak hautatzeko prozesuetan euskarazko hirugarren hizkuntza eskakizuna zehazteagatik jasotako helegiteen harira.

Euskararen aurkako oldarraldiak etenik ez duenaren adibide argia izan da, asteazken goiz honetan, otsailaren 5ean Potxoenean egindako agerraldia. Hitzorduak Usurbilgo zein Astigarragako udaletako eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkariak batu ditu. Izan ere, aipatu bi udalek helegiteak jaso dituzte udaltzainak hautatzeko prozesuetan euskarazko hirugarren hizkuntza eskakizuna zehazteagatik.

Helegite hauei horiei buruzko hausnarketa plazaratu eta erantzuteko agerraldian batu dira aipatu bi udalerrietako, hurrenez hurren, Usurbilgo eta Astigarragako alkate Agurtzane Solaberrieta eta Xabier Urdangarin, UEMA-ko lehendakari eta Ataungo alkate Martin Aramendirekin batera. "Guk argi daukagu helegite hauek ez dutela heldulekurik", adierazi du Solaberrietak agerraldi hasieran. Helegite horiei erantzun egingo dietela iragarri du. "Helduleku sendoak ditugu eta helduleku horietan oinarrituz, egin dugu helegite hauei erantzun. Horregatik esan, eutsi egingo diogula hizkuntza eskakizun horiei, ez soilik legeak ere horretarako aukera ematen digulako, udalerri euskaldunetan bizi garen herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko egin beharreko bidean aurrera egiten jarraituko dugulako ere".

"Bigarren hizkuntza eskakizuna ez da inolaz ere nahikoa"
Astigarragako alkateak eman ditu jazotakoari buruzko xehetasunak. Azkeneko bizpahiru hilabeteotan, udalotan udaltzain lanpostuak betetzeko prozesuak abiarazi dituzte eta aipatu helegiteak jaso dituzte udalok finkatuak dituzten hizkuntza eskakizunen aurka. Ez dira kasu isolatuak, "orohar UEMA-ko udalerrietan eta beste udalerri askotan ere" halakoak jaso dituztela gogora ekarri du. Denetan, "eskatzen zaiei bigarren hizkuntza eskakizuna aski dela".

Bigarren hizkuntza eskakizun horrek, ordea, ez du bermatzen euskaraz zerbitzu duina bermatzea herritarrei. Hori hala dela egiaztatzeko gogora ekarri ditu Urdangarinek zein diren udaltzain baten egitekoak. Segurtasuna bermatzeaz gain, herritarrekin komunikatu beharra izaten du ahoz nahiz idatziz. "Udaltzain batek ahoz azalpenak eman behar dizkie herritarrei. Ez da soilik segurtasun hutsa, pedagogia ere egin behar du herritarrekin askotan. Azalpen horiek hizkuntza gaitasun maila txukun bat eskatzen dute. Berdin idatziz. Udaltzain batek egin beharreko atestatuetan, txosten edo parteetan, bigarren hizkuntza eskakizuna ez da inolaz ere nahikoa", baldin eta "euskaraz bizi garen eta bizi nahi dugun herriotan herritarrei ahoz zein idatziz zerbitzua euskaraz eta txukun eman nahi badiegu".

Hori sarritan egiaztatu ahal izan dutela oroitarazi du Astigarragako alkateak Potxoeneako agerraldian; "besteak beste, ordezkapenetan, halabeharrez, agian bigarren hizkuntza eskakizuna duten udaltzain interinoak hartu behar izan ditugunean, kexak jaso ditugulako eta ikusten dugulako bigarren hizkuntza eskakizunak ez duela inolaz ere bermatzen udaltzain horiek behar besteko gaitasuna dutenik herritarrekin txukun aritzeko". 

Testuinguru horretan, argi adierazi du; "euskaraz bizi garen eta bizi nahi dugun udaletan eta udalerrietan ezinbestekoa da langile pribatu eta publikoek euskaraz jarduteko maila egokia izatea. Eta hori ziurtatzeko, udaltzainen kasuan, hirugarren hizkuntza eskakizuna behar beharrezkoa dela iruditzen zaigu".