"UEMA-tik babesa adierazi nahi diegu Usurbilgo eta Astigarragako udalei", adierazi die Ataungo alkate eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakari Martin Aramendik Usurbilgo eta Astigarragako udalei, udaltzain lanpostuak betetzeko eginiko hautaketa prozesuetan hirugarren hizkuntza eskakizunen aurka jasotako helegiteen aurrean. Bi udalerrion eredugarritasuna txalotu du hirugarren hizkuntza eskakizuna eskatu izanagatik, "hori delako berme bakarra udalerri hauetan naturaltasunez herritarrekin komunikatu ahal izateko".
Honako hauek ez dira kasu isolatuak UEMA-ko lehendakariaren esanetan. "Azken boladan areagotu egin da euskararen aurkako oldarraldia. Ez du etenik. Hainbat epaien berri izan dugu azken hilabeteotan", baina ohartarazi duen moduan, "epai horien aitzindariak dira era honetako helegiteak. Hauek dira, gero, oldarraldia ereiten dutenak".
Argi salatu du; "hau ez da kasualitatea, norbaitek nonbait erabakitako zerbait da. Ez da kasualitatea udalerri euskaldunak izatea, orain, helegite hauek jasotzen ari direnak".
"Erakunde publikooi dagokigu eredu izatea"
Helegiteok beldurra eragitea dute xede Aramendiren esanetan eta testuinguru horretan, "erakunde publikooi dagokigu eredu izatea, baita euskararen normalizazioan ere. Epaileen mehatxuen gainetik, euskararen eta herritarren eskubideen defentsan aritzea dagokigu eta horretan jarraituko dugu", gogorarazi duen moduan, are gehiago, "euskararen biziberritzeak motelaldia" bizi duenean udalerri euskaldunetan ere.
Horregatik, derrigorrezkotzat jo du "erabaki ausartak hartzea, gurea defendatzeko eta, batez ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko". Bere esanetan, helburu bikoitza dute helegiteok; "beldurra sortzea eta gainerako udalek bide bera har ez dezaten bultzatzea", nahiz eta jakin bigarren hizkuntza eskubideak ez duela bermatzen herritarrekiko kalitatezko euskarazko komunikazio duina.
Auzitegien mehatxutzat jo duena argia dela dio, "ez ezazue hortik segi. UEMA-tik, ordea, argi dugu bidea hauxe dela". Horregatik zoriondu nahi izan ditu Usurbilgo eta Astigarragako udalak, "herritarren eskubideen defentsan aritzeagatik, eredu izateko konpromisoari zintzo erantzuteagatik eta mehatxuen eta oldarraldiaren aurrean ez makurtzeagatik".
Bide honetara batzeko deia egin die gainerako udalerriei. "Gainerako udalerri euskaldunei gonbita edo eskaria egiten diegu hauek erakutsi duten bide hori har dezaten; hau da, udaltzainen lanpostuetan hirugarren hizkuntza eskakizuna eska dezaten, azken batean, hori delako euskaraz lasai aritzeko bermea".