Maitasuna, bizitza, komunikazioa-inkomunikazioa... Kezka existentzialistak dira nagusi. Homosexualitatearen prisma galdu gabe.
Homosexualitatearena zirkunstantziala da. Gidoia, filma egin ahala eraikitzen joan zen. Hori bai, hasiera-hasieratik argi neukan Telmo Irureta izango zela protagonista, eta argi neukan Telmoren inguruan moldatu nahi nuela filma. Pertsonaia homosexual batean egoki ikusten nuen Telmo, baina historia heterosexualagoa balitz ere, berdin-berdin funtzionatuko luke. Kezkak unibertsalak direlako.
Familia aipatu duzu. Aitorrek, filmeko protagonista nagusiak, aita du faltan. Galerak nola kudeatzen ditugun, hori ere pil-pilean dago filmaren muinean.
Gaur egun akaso ez, familia eredu ezberdinak daudelako gaur egun. Baina gure belaunaldian, familia estandarra zen nagusi. Pilare horietako bat falta bada, dena kolokan geratzen da eta hori pairatzen du protagonistak.
Erantzunen bila bizi naiz eta ez ditut aurkitzen / bizitzaren borrokak esaidazu nola izan behar duen. Sutagarren ‘Bizitzaren borroka’ kantaren letra zati bat da hori. Filmaren sinopsia gisa ere funtzionatu dezake, ezta?
Film honetan zortzi urtez egon naiz murgilduta. Eta urte hauetan kanta asko entzun ditut, tartean, hauxe. Denbora tarte honetan gainera, Su Ta Garren inguruko komikia plazaratu genuen. Filmaren bueltan nenbilela, abesti hau entzun nuenean, berehala konturatu nintzen oso ondo egokitzen zela filmaren amaieran. Gauza bera esan daiteke pelikularen hasierako kantari buruz ere.
'Boyhood' filma gogorarazi dit zure lanak. Film hark 12 urteko bilakaera islatzen zuen. Kasu honetan tartea laburragoa da, baina zurean ere, agerikoa da Telmoren bilakaera fisikoa.
Agerikoa da bai, agerikoa da Telmoren bilakaera film honetan. 2017an hasi ginen filma grabatzen. Telmo antzerkian bazebilen baina ez zuen gaur egun duen oihartzuna. Pentsa nola aldatu diren gauzak. Orain Goya sari bat dauka eta Tanttaka antzerki konpainiarekin ari da lanean.
Berak ere film honen aldeko apustua egingo zuen, ezta?
2017tik hona eutsi baitio bere konpromisoari. Bera halakoa da. Beste kontu batzuetan bere zalantzak eta bere beldurrak izango ditu, baina elkarrenganako konfiantza handia dugunez, oso ondo eraman du prozesu osoa.
Telmo Irureta da protagonista nagusia. Telmok garun paralisia du, baina filmean ez da hori islatzen. Bere desgaitasuna ez da ageri . Ez zenion bere desgaitasunari zirrikiturik utzi nahi, eta horrek beste aktoreen pare jartzen du, ezta?
Nire helburuetako bat hori zen. Ez da gurpildun aulkirik ikusten eta bere gorputz osoa bitan bakarrik agertzen da. Dena dago bere neurrira egina. Beste aktoreen tratamendua ere, Telmoren neurrira diseinatuta dago. Plano ertainak... Telmo den aktorea erakutsi nahi nuen. Garun paralisirik ez duen pertsonaia baten antzezpena egiteko ahalmena ere baduela islatu nahi nuen. Helburua hori ez bazen ere, honek guztiak adierazten du filmak ikuspegi inklusibo bat duela bere horretan.
Aitor da protagonista nagusia. Amets da nabarmentzen den beste protagonista. Paraleloan doazen bi istorio dira, amaieran gurutzatuko direnak. Biek ezinegon bat dute baina modu ezberdinean bizi dute. Atsekabe berbera partekatzen dute. Atsekabe hori da kontakizunaren motorra, ezta?
Hori da. Aitor eta Amets ezinegon batekin bizi dira. Aitorrek barrura begira bizi du kezka hori, Ametsek berriz kanpora begira. Bi ezkortasun mota horiek, bateko minus-a eta besteko minus-a, biak elkartu eta plus bilakatu nahi nituen. Bi ezkortasun horiek, Aitor eta Amets, osagarri izan daitezkeela azaldu nahi nuen.
Filmak aurrera egin ahala, koralagoa bilakatuko da metrajea. Puntako aktoreak agertuz joango dira: Amaia Ruiz de Galarreta, Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta, Klara Badiola, Aitziber Garmendia...
Nire kasuan, filma egin aurretik ezagunak nituen. Telmoren lagunminak dira horiek denak eta horrek asko lagundu du filmaren casting-ean. Era berean, gogoa zuen jendeari aukera eman nahi nion eta hor dago Natali.
Natali kantari bezala agertuko da filmaren hasieran baina filmak aurrera egin ahala, aktore gisa ere ikusiko dugu. Ez du paper eskasa. Sekuentzia garrantzitsuetan ageri da.
Natalik beti egin nahi izan du bide bat ikusentzunezkoen arloan eta ondo txertatzen zen istorioan.
Lau labur ezberdin daude eta beste trama batzuen bitartez harilkatu dituzu denak. Hasieratik argi zenuen film luzearen ideia ala laburrak egin ahala joan zinen film luzea irudikatzen?
Nik labur bat egin nahi nuen. Labur txukun bat. Hirugarren film laburrarekin hasi nintzen film luzean pentsatzen. Ezjakina izan naiz eta filma egin ahala ikasten joan naiz. Film bat artistikoki nola egin daitekeen probatzen.
Gidoia ere, filma osatu ahal joan zara berridazten edo aberasten, ezta?
Oso ariketa polita izan da. Gidoia bera bada filmeko bes- te protagonista bat. Eta hori ez da oso ohikoa. Hemen, normalean gidoi bat idazten da eta gidoia finkatu eta gero hasten da pelikularen errodaia. Guk beste modu batean egin dugu.
Aske aritzeko aukera izan duzu, hortaz. Zu zeu ekoizle izatearen abantaila. Baina aldi berean, askatasun hori ez da batere errentagarria, ezta? Finantziazioa zure kontura joan da.
Autoprodukzioa oso garesti ateratzen da. Askatasuna garestia da. Ekoizle izateak ere beste ardura batzuk dakartza berarekin eta grabazio prozesu osoa oso exijentea izan da.
Antolaketa, aktoreen eta kameren koordinazioa egin, lokalizazioak lotu...
Kaffan grabatzen ari ginen batean, gogoan dut dena prest genuela. Iluminazioa eta soinua prest, eta bestaldeko etxean obretan hasi ziren. Eta ezin genuen grabaketa eguna atzeratu. Baina azkenean moldatu ginen. Nire energiari eta nire indarrei neurria bilatzen aritu naiz urteotan. Dena den, hurrengo proiektu batean ez dut uste horrela egingo dudanik.
Otsailaren 7an Sutegin ikus ahal izango dugu. Ondoren, non ikusi ahal izango dugu 'Animo'? Orain bogan diren plataforma horietako batean akaso?
EITBrekin hitz egin nuen, filma mugitzeko babesle bat behar nuelako. EITBn Primeran plataformarako eros zezaketela aipatu zidaten, baina ez da nire helburua plataforma batean programatzea. Denborarekin ikusiko da. Banatzaile bat lortu dut eta banatzailearen bitartez herriz herri proiektatu nahiko nuke. Interesa azaldu dute dagoeneko Zumaian, Aian, Iruñean... Orain hedabideetan hasi dira filmaren berri ematen, eta garai hau izango da gakoa.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!